Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Marijaia erre?

2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Sua ongarri eta suntsigarri izan daiteke. Baita elementu sinboliko gisan ere. Aplikazio suntsigarrietara bildurik, suari lantegi brutalak agindu zaizkio. Garrantzitsuenak: 1) Infernua. Tortura eternoa. Giza adimenak asmatu duen izugarrikeriarik absurdoena. 2) Torturazko exekuzioak, gehi eskarmentu publikoak. Inkisizioa. Martiriak kristandadean eta erlijio eta kultura guztietan. 3) Purifikazioa. Gaizkintza moral batetik garbitzea, «purifikatzea», suaren eragin miragarriro efektibo bat izan da. Zigor-miraria, garbi esanda. Exhaustiboak izan gabe, horiek dira, munduko kultura zabaletan, suari esleitu zaizkion (eta berarekin praktikatu diren) eginkizun lazgarri ezagunenak.

Goazen orain izenburuari erantzutera. 1) Marijaia ez zen sortu, infernu absurdo bat merezi izateko. 2) Marijaia ez zen sortu, inkisizioaren erreketa publiko bat merezi izateko. 3) Jai alaien sinboloa den Marijaiak ez du ezer «purifikatu» beharrik, hain gutxi, erreketaren bidez. 5) Mariajaia ez da «gorpu» edo «hilotz» errausgai bat, suaren azken estutua jasan behar dezan. 6) Marijaia ez da, azkenik, zabor bat edo «jai-hondakin bat», kale-garbitzaileek astelehen goizean garbitzekoa, marmarkaedo biraoka.

Ez nator protestan, ez inoren kontra. Soil-soilik iruditu nahi nuke alternatiba humanoago eta artistikoago bat bizi dezan Marijaiak urteroko amaieran. Adibidez, desagerpen fantastiko bat, antzezpen fantastiko batean. «Agur denoi! Banoa atsedena eta jaia konbinatzen diren galaxiara, hurrengo urtean alaiago eta indartsuago itzultzeko». Antzezpen erraza, ikusgarria. Eta, nola ez, haurrentzat liluragarria. Neuretzat ere, beharbada, ekarpentxo bat, datorren martxoaren 8rako. Esan beharrik ez dago Marijaiaz aipatutako guztia berdin-berdin aplika daitekeela beste panpina positibo eta sinbolo maitagarri guztientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.