Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Adimenarentzat

2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Adimenarentzat hain toki txikia dago munduan, ezen zoko bat aurkitzea, beretzat osorik, jenialitate bat bailitzateke. Pentsamenduaren historia gehiena entretenigarri alferreko bat izan da. Alferrekoak ez du baliogabetzen entretenigarri izaera. Beraz, ez da izan guztiz alferreko. Esan daiteke pentsamenduaren historia gehiena entretenigarri on bat izan dela.

Mundua nitaz mintzo dena da. Bestea fikzioa da. Baikor izateko baino inteligenteago naiz, ezkor izateko baino burudunago. Radikala ere izan naiteke, eta banaizela uste dut, baina ez dakit nola izan efektiboa, eta horrek amorratzen nau. Malko isilak? Negarra izan daiteke isila edo ozena. Malkoak, denak dira isilak. Amorratzen nau kalifikazio zehaztugabeak, ohartzen naizenean. Ohartzen ez naizenean, poesia iruditzen zait. Bai, bai! Malkoak begietan. Nik nahiago ditut belarrietan.

Jainkoa animalia infinitu bat da. Alegia, Jainko-ideiaren ahultasuna da handiegia dela. Nire begiak ortzian atsedentzen dira. Eta ortzian zerua begiztatu nahi dudanean, lainoa sartzen da beti. Ez dakit zer hautatuko nukeen nekezago: gaua ez argitzea ala eguna ez iluntzea. Ez dut bururik hautsi nahi. Erlea ez da hurbiltzen lorera politagatik, usainagatik baizik.

Askatasunaren maila bat itxaropena bazter uztea litzateke. Ezer ez itxarotea erabaki nuenetik, erabat aske sentitzen naiz. Itxaropena morrontza handiegia da, esperientzia setatiak diotsunean itxaroten duzuna ez duzula betetzen ikusiko. Errakuntza zeurea da. Itxaropena utz dezakezu amaitzeke, baina bizia amaitzear duzu, aurten jaio bazara ere.

Giltzurrin baten zain dagoenaren larrimina istripuen gutxitzea da. Nire izatekoa hantxe aurkitzen dut beti, harkaitz batek baino leialago itxaronez. Aurrea luzea da, atzera begiratu ezik. Ez landatu zuhaitzik nire oroimenez. Zuhaitz guztietan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.