Xabier Etxaniz Rojo.
BADIATIK

Sukaldaria

2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Goiz euritsu eta goibela zen Piraten zeruan.Sarrerako atearen alboan, pirata bizardun bat, ustez zaintza lanetan, baina praktikan lo.

Kax-kax-kax.

Piratak aldarte txarrean zabaldu zituen begiak. «Hau izorratzea! —pentsatu zuen—, beti agertzen da norbait unerik txarrenean». Sekulako ajea zuen.Buruan, hiru danborrada, hamazazpi kanoikada eta La Flamenca osoa, denak batera kolpeka.

Iritsi berriaren kamisetari erreparatu zion. Haserre nago zioen leloak.

— Bagara bi, orduan... Ea, esan izen-abizenak.

— Jonpa Albisu.

Zaindariak Hurrengo etorrerak zerrenda errepasatu zuen goitik behera, baina ezin izen hura topatu. Halako batean, Behar baino lehenagoko etorrerak zerrendan begiratzea otu zitzaion.

— Ez zintugun hain goiz espero.

— Horrelakoa da bizitza... Tira, jaietarako sukaldari bat behar omen duzue...

— Sukaldaria zara?

— Sukaldaria, besteak beste… Nik, Pulp Fiction-eko Lobo jaunaren antzera, arazoak konpontzen ditut.

— Ba, orduan, hemen ez zara aspertuko... —.

Sukaldariak arrazoia eman zion zaindariari piraten zeruan sartu bezain pronto. Han parrandazale asko baina antolatzaile gutxi. «Zenbat lagunentzako bazkaria esan duzu? 150? Eta oraindik hasi gabe??». Sukaldariak di-da batean jarri zituen piratak dantzan. Aizue, ogiaren bila joan behar da. Zuritu itzak patata hauek, mesedez. Tipulak prest?

Jaiak bai, lana ere bai.

Zeruko piratek zur eta lur begiratu arren, jaramon egiten zioten. Handik gutxira, denak lanean.

Aizu, marmitakoa primerakoa! Kafea zerbitzatu ostean, mahaiak eta aulkiak jaso, erratza pasa, dena txukun utzi behar… Ez zuen berehalakoan amantala erantzi sukaldariak.

— Eta orain... tabernara! Kroketak nola egiten ditudan erakutsiko dizuet...

Lana bai, jaiak ere bai.

Arratsalde partean hodeiek atertze aldera egin zuten eta eguzkia agertu zen piraten zeruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.