Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Aieneka

2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ai ene: arte engaiatu kontzeptua erredundantzia absurdo bat ez den garai batean bizi gara. Engaiatu hori adjektibo deskriptibo bezain zehaztailea da, agerian uzten duena ba omen dela beste arte bat, engaiatugabea: artea huts-hutsean omen, artea aratz eta puru. Omen.

Ai ene: asmatu genuen kontrakulturan aritzen, egin genuen itxuraz zailena, eta orain, berriz, kulturan nola aritu ezin asmaturik gabiltza, espanturik gabe eta erdi disimuluan, baina alderraitxo, ajeatuta. (Beste hainbeste gertatzen da, antza, euskararekin berarekin: erdaldun askok errebeldiaz jo zuten euskarara garai batean, eta euskaldun batzuek errebeldiaz-edo egiten omen dute gaztelaniaz garai honetan. Baina hori, jakina, besterik da. Edo ez.) Itxaron, baina. Hona galdera sorta bat: gaur egungo gure zera hau kultura da, orduan? Ala badu oraindik ere kontrakulturatik? Nola izan errebelde, nola gainditu mugak, mugarik eta zentsurarik ez badago? Zentsura ofizialik ez egoteak egiaz esan nahi du ez dagoela zentsurarik? Fagozitatu ote gaituzte zeharo, eta fagota eta adarra jotzen ari ote gatzaizkio geure buruari, sinetsita ezer aldatuko dugula paper batean letra batzuk idatziz? Ala hain justu ere kontrakoa ez ote da adarjotzea eta tamala, hots, ezertxo ere ezin aldatu dugula sinestea?

Ai ene (galdera gehiago): belaunaldien arteko arrakala ote da, honetan ere, problemaren sorburua edo hauspoa? Edo arrakala ez baizik belaunaldien arteko talka ote? Ala talka dela esatea ez ote da gehitxo esatea, kontuan hartuta maiz aharitzat bainoago arditzat dugula geure burua? (Bide batez, eta barka digresioa, beharbada egunen batean pentsatu beharko dugu zergatik kritikatzen den hain usu arditasunaren barea eta hain gutxi aharitasunaren oldar itsua.) Ez ote da gehiago garaien arteko arrakala, lehengo belaunaldiak oraingoak ere badirenez eta, beraz, bagarenez gero? Ez ote naiz ari oraintxe absurdoan erortzen, lehen pertsonaren plurala gora eta lehen pertsonaren plurala behera (plurala, bai, eta ez anitza), halakorik benetan balego bezala?

Ai ene: singularrean ere gehiago eta gehiegi hitz egiten dugu, ordea. Eta han-hemen kexa dabil artea eta literatura ere ez ote diren sobera singulartzen ari, ez ote den batzuetan artea egiten arte-nahi hutsez, norberaren baitan laketzeko, hedonismo eta zilborrismo gordinez (eta barka berriz ere digresioa, baina beste kontu bat da sistematikoki indibidualistatzat eta pobretzat jotzea pertsonalaren politikoa azaleratzen duten obrak, orain arte pribatutasunaren bazter-itzaletan sardez eta segaz zokoratutako gaiak argitara ekartzen dituztenak, zeren halakoak itsu-itsuan baztertzeak ez baitu zerikusirik norberekeriaren eta norberatasunaren arteko mugaren inguruko eztabaida zilegi bezain labainarekin). Bat baino gehiago, beste zereginik ez, eta kezkatuta gabiltza artelanak ez ote diren jendarteratzen, nagusiki, kolektiboak artista senda eta osa dezan, eta norbanakoek ere artisten bidez beren zauritxoak senda ditzaten, eta ez artistak kolektiboa elika, zirika eta konplika dezan. Bete-betean, ukendu hitza erabili zuen Juan Luis Zabalak txoko honetan joan den astean, eta Anarik, azken diskoan ez ezik kontzertuetan ere, zapla aurpegiratu izan digu gure «melankolia burgesa bezatzeko» tresnak direla batzuetan liburuak (eta abarrak).

Ai ene: ze gaizki dena, ez? Ba, igual ez. Derrotismo- eta triunfalismo-joko alferrekoetan sartu gabe, eta lañokeria handirik gabe, lagun xelebre eta artista samar batek behin esan zidan ohe batek ez duela sekula mundua irauliko, baina lagunduko diola iraultzaile xumeari behar bezala indarberritzen eta ideiak egurasten. Beharbada, behiala Olentzeroren egia onartu genuen bezala, orobat onartu beharko dugu literaturak ez duela sekula balioko mundua iraultzeko, baina bai, akaso, iraulgai batzuk munduratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.