Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Baskoa naiz

2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Gure inguruko (agian, munduko) hizkuntza guztiek Euskal Herriko biztanleak «baskoak» deitzen dituzte. «Bask» errotik, behintzat. Euskaldunak dira bakarrak, deitura hori arbuio dutenak, ordain bakartzat «euskaldun» edo «euskal» dutela. «Euskal», gehienik, euskarari dagokio. Esanahi geografikoa ere eman zaio: «Euskal Herriko». Baita «euskaldunen» ere. Horrela, anbiguotasun nahasgarriak eta, sarritan, amorragarriak gertatzen dira.

Ulertzen da zer den «euskal komikia», «euskal kantak», «euskal idazleak». Anbiguotasunean sartzen gara, diogunean «euskal futbola», «euskal teknologia». Anbiguotasun amorragarria dator, diogunean «euskal enpresak», «euskal banka», «euskal medikuntza». Argi dago zer den «Udako Euskal Unibertsitatea», baina euskara hondakintzat duten unibertsitateak izan al daitezke «euskal unibertsitateak»? Anbiguotasuna absurdoraino doa, badiogu: «euskal euskaldunak» edo «euskal erdaldunak». Hots, «Euskal Herriko euskaldunak» edo «Euskal Herriko erdaldunak». Bai baitira «holandar euskaldunak», «ijito euskaldunak», «indio euskaldunak». Irakurri eta entzun ohi da: «Ligan, talde euskaldunek...». «Olinpiadetan, ordezkari euskaldunak...». Zer dira «talde euskaldunak»? «Ordezkari euskaldunak»?

Erromatarrek hemengo biztanleei «vascones» deitu zieten. Seguruenik, eurek ere nonbaitik hartuta. Handik zabaldu omen zen beste hizkuntzetara. Historia eztabaidagarrien gainetik, baskoien ondorengoa naiz. Baskoa naiz. «Basko euskalduna», noski, badiren moduan «basko erdaldunak», «basko ingelesak», «basko txiletarrak». Edo alderantziz, nahi bada, «euskaldun baskoa». Badiren bezala «euskaldun mañoak», «euskaldun kosakoak», «euskaldun grekoak». Ez nago seguru, baina uste dut badirela «euskaldun eskimalak» ere. Nire asmoa ez da, noski, auzi bat argitzea, pixka bat gehiago nahastea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.