Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Mugaz hemendik

2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Mugaz hemendik gelditzea hobetsi nuen. Asko borrokatu ondoren, azkenean lortu nuen pobre izatea. Dohakabe izatea falta zait. Hori gerta baledi besteek sinesteko moduan ez dela izan zerbait lotsagarriaren ondorioz, orduan lortua duket bizitzan triunfatzea. Ez da garaipen luzea izango, laster hilko bainaiz. Bitartean, nahiago dut libretaren berri ez jakin. Gutxi ote dudan susmoak ez nau hainbeste larritzen nola gutxi dudala jakiteak. Pentsatzeak, batzuetan, balio izan dit. Badakit, adibidez, premia baten asekuntzak gozamen handiagoa dakarrela zaletasun batenak baino. Gosea berdindu ahalko duzu (agian), baina hobeto bizi direnak ez dituzu bistatik kenduko.

Karitateak balio ez badu, eta justizia posible ez bada, zer gelditzen da? Zuloa! —zioten. Hm! Zuloan erortzea errazago da balkoitik saltatzea baino. Orbelen lurreratzea oin-hots bat iruditu bazaizu, gau larria datorkizu. Poetek, batzuetan, larritasun horretara eraman nahi gaituzte. Zeu ere ibili zinen, Pascal, amildegien ertzak haztatzen, ez baitzenuen hutsetik esan: «Filosofiari barre egitea filosofatzea da». Fedeak salbatu zintuen zientziatik, eta zientziak egin zintuen fedean sinesgarri.

Ni, ez zientzia, ez fede, nola bizi naitekeen? Ba, poliki, Pascal. Bizitzeko ez da misterio handirik behar. Hiltzeko beldurra? Beste batzuk ere ez al ziren hil? Jakintza doi bat eta ezjakintza prudente bat nahikoa dira heriotzara garaiz iristeko. Berandu irits naitekeela? Nola ez dudan itzuli beharrik izango, inork ez dit haserre egingo. Zuk segi pentsamenduari barre egiten, Pascal, baina nik badakizu benetako barrea maite dudala. Ez dit ardura lehenago iristera behartu nazaten, baldin osasun-erreserbak guztiz ahitzeke iristen banaiz. Ez zion beldurrik heriotzari, oinazeari baizik. Bakarrik eskatzen zuen sano eta itzarrik hiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.