Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Kanabera pentsalaria

2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Bat ez da guztiz zahartzen inoiz, baina geldi bazaude, pentsa dezakete ez zarela mugitzeko gauza. Mugitzen bazara, pentsa dezakete galduta zabiltzala. Hori besteen zurekiko errorea da, baina zeu ere erra zintezke zutaz. Zure itzala mugitzeak ez baitu esan nahi zu mugitzen zarenik. Pentsatzen duen kanabera. Pascalek esana. Iritsiko zaizu eguna, zure itzala mugitzea aski izango zaizuna.

Pixa egitean, amorratzen zen ezin zelako makurtu (gizon txukuna) ontzitik kanpora joaten zitzaizkion tantak garbitzera. Txotxa moztea erabaki zuen. Bera ausartzen ez, ordea, ekintza burutzen. Gauzak nola egin esplikatzea errazago baita norberak egitea baino. Emazteari laguntza eskatu zion, eta honek eskuzabalki eman.

Bai, Pascal. Zahartzeari aurrea hartzea oso erraza da, baina sarritan errazenean huts egiten dugu. Errazen horretan huts eginda, aurrera bazoaz, ondo zahartzeko baldintza bat da zahar itxurari beldurrik ez izatea. Esango dizute: «Oraindik gerra handia eman behar dugu!». Zuk baietz esan. Gerra handia ez, beharbada, baina traba galanta, seguru.

Itxaropen gabe bizi daiteke. Bizipoz gabe, nekez. Probabilitateen kalkulua (zure gaietako bat, Pascal) oso kontra eduki arren, zorigaitz handiagoa etorri ahal zaizula pentsatzea bizipoz bat izan daiteke. Ez da izango pentsatzeko modurik zuzenena, baina pentsamolde horrek maiz salbatu nau. Ez esan inon gaizki zaudenik, entzun beharko baitituzu ondo egoteko era guztiak. Hala ere, esaten deskuidatu bazara, ez hasi entzundako era guztiak aplikatzen, zeren gaia aipatzen duzun hurrengoan, beste era ezberdin batzuk azalduko dizkizute.

Oso kreatiboak gara besteen gaitzekin. Egizu hau, egizu hori... Hainbeste dira erremedioak, non ematen baitu lege naturala sobera dagoela. Izugarria da jendearen lagundu nahia, ezer egin beharrik aurreikusten ez denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.