Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Emozio inteligentea

2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Inteligentzia emozionala baino nahiago dut emozio inteligentea. Tristura da sentimendu bat, arrazoi gabe gara daitekeena. Alaitasuna ere bai. Biak izan daitezke berdin arrazoigabeak, baina bigarrenak merezi du. Ohartzen naiz arrazoiaz, baina nire bizitza sentitzen dudana da. Pozik banago, pozik bizi naiz. Triste banago, triste bizi naiz. Nahiz eta arrazoi objektiboek beste sentiera bat eskatu.

Badira, noski, motiboak, zorigaitz handitzat jo behar direnak. Orduan emozioak nekez engainatuko dituzu. Zorigaitzaren mugatik honanzko emozioez ari naiz. Oker txiki bat zorigaitz handi bezala sentitzen baduzu, sentierak agintzen du, ez okerraren tamainak. Baina adimenak diost (edo esperientziak, beharbada) emozioak aldakorrak direla. Sarritan, arbitrarioak ere bai. Horiek nahi dut inteligenteak izan daitezen. Gehienetan ez dut lortzen, edo ez, behintzat, behar adina. Dohakabe-puntu bat bermaturik dago, beraz. Horregatik iruditzen zait zoriona kontzeptu komertzial bat dela, suposatzen baitut niri gertatzen zaidana, neurri batean edo bestean, guztiei gertatzen zaiela, munstroei salbu.

Optimistak diotsu porrotetik asko ikasten dela. Hum! Kasualitatea al da askoz optimista gehiago aurkitzea gauzak ondo doazkienen artean? Ongizate erresistente baten fase gorena munduagatiko ezaxola izan liteke. Kotxe bat tximistan pasatzen ikusi duzu, eta diozu: Zoaz popatik hartzera! Gero jakin duzu istripu larri bat izan duela. Sentitzen duzu, baina zure munduagatiko ezaxola ez da aldatzen.

Jarrera positiboak edo negatiboak aldartearekin lotuago daude egiarekin baino. «Etorkizuna baikor dakust». «Etorkizuna ezkor dakust». Eta? Zahartzaroa gogorra dela diote. Nik uste dut, luzean-luzean, badituela abantaila batzuk. Handiena izango da, seguruenik, ikusi nahi ez zenituen asko joanak direla zure bistatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.