Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Beste amorfo bat

2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Autoritatearen berezko erraztasun bat abusua da. Autoritatearen berezko zailtasun bat abusuan ez aurrera jotzea da. Lanpostu edo aginte-postu batzuen xarma da haiekiko gorrotoaren intentsitateak erabakitzen duela euren hierarkia maila. Inor hiltzeko gai ez dena oso gai izan daiteke hila izan den baten aurrean ezer ez sentitzeko.

Nire droga besteak dira, kontrako efektuekin. Batzuetan, biziturik etxeratzen naiz. Beste batzuetan, jota. Pertsona onak badira, baina aurkitzea asko kostatzen da. Baldin horri askatasuna... Uf! Askatasuna da gehienekin batera joatea garrantzi gabeko gauzetan, eta gehienen alderantziz, garrantzizkoetan. Kontatuko bagenu zenbat gauza egin dugun ezetz ez esateagatik, ohartuko ginateke gure nahimen librea lar erlatiboa dela.

Kantatzen duen herria ez da hilko. Poztuko nintzateke, ez baneki galduak diren herri guztiak euren bikaintasuna kantatzen hil zirela. Urrunegi joan naiz. Abiaduran ezin dut pentsatu, eta nik pentsatuz bizi nahi dut. Ez dut ezer irabazten gepardo inkontziente bat izanez. Maite ditut gau-zaunka mantso horiek, hutsari eginak, ofizio soilez. Abiadura? Eskerrik asko! Azkarrago joateak ez dit bermatzen ni baino azkarragoek harrapa ez nazaten. Ez nuke nahi nigatik esan dezaten lehoiak menderatu zituena azkenean bare batek eraitsi zuela.

Artista handia nintzela entzun nahi nuen, eta pertsona ona nintzela esaten zuten. Popatik! Mundua interesatzen ez denean, oso ondo bizitzen da bertan. Uste dut ez naizela inora joango neure buruaren bila, bai baitakit, ni hara iristerako, bera joana izango dela handik. Hobe, gainera, horrela, zeren, bestela, edozer egingo bainioke. Zorion handia da izatea hiri batekoa, zeina ez baitzuen ezein konkistarik fundatu, ezein monarkak saritu, ezein enperadorek nominatu. Hiri hori ez da existitzen, baina hangoa naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.