Pastor
DARWIN ETA GU

EAJ eta Venezuela

2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Nicolas Maduro legitimitaterik gabe boteretik kentzeko Juan Guaidók egindako estatu-kolpe saioa sostengatu du Donald Trumpek, berehalakoan. Madurok joan egin behar duela esan du AEBetako presidenteak. Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako gobernu eskuindarrek bat egin dute harekin. EAJk ere bai.

Anzoátegui, Arteaga, Gogorza, Iragorry, Iribarrén, Salaverría, Urrutia, Zuloaga… Asko dira euskaldunen arrastoak Venezuelako abizenetan eta toponimian. Hala eta guztiz ere, zilegitasuna ematen digu horrek guztiak herri horretan muturrak sartu nahi dituen inperioaren deiari men egiteko? Jatorri espainiarra duten herritar askoz gehiago bizi dira Venezuelan euskal jatorrikoak baino. Hala bada ere, Pedro Sanchezek ez du itsu-itsuan bat egin Trumpekin. Lehen unean, behintzat. Gero, gerokoak.

Hainbesteko presa zuen EAJk ahoa irekitzeko? Guaidók bere burua presidentetzat jo ondoren AEBek ezer esan ez balute, nola erreakzionatuko zuten jeltzaleek? Zergatik baztertu dituzte normalean goresten dituzten zuhurtasuna eta ardura? Hainbat adituren ustez, Trumpen eskaera suarekin jokatzea bezain arriskutsua izan liteke. Gerra zibilaren itzala handitzen du. Elkarrizketa, negoziazioa da bidea. Mexikok eta Uruguaik saiatzeko deia egin zuten ostegunean. Proposamena onartu zuen Madurok. Orain arteko saioetan bazterrak nahasten ibili da oposizioa. Zapatero eta beste bitartekari batzuekin lotutako akordioa sinatzeko zegoela altxatu zen mahaitik, Washington-Bogotatik jasotako deiaren ondoren, mihi gaiztoek diotenez. Munduko eskuinak Maduro joateko eskatu du. EAJk ere bai. Zergatik?

EAJ, funtsean, eskuina delako. Subiranismoa eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ditu naziogintzari dagokionez, baina, arlo sozialari begiratuz gero, beste kontu bat da. Maltzagarainoko bidea bultzatzeak ez liguke hori ahantzarazi behar. Hugo Chavezek boterea lortu zuenetik Venezuelak, oztopoak oztopo eta hutsak huts, garatu nahi izan duen sistema ekonomiko-soziala ez dator bat jelkideek defendatzen dutenarekin. AEBen eskaerari baiezkoa emanda, Simón Bolívarrek aldarrikatutako subiranotasunaren eta duintasun nazionalaren kontra egin du EAJk. Partido de los Negocios Vasco deitzen diotenak Partido de los Negocios Venezolano gisa jardun du.

EAJk aho betean hitz egiten du aldebikotasunari buruz. Abenturarik ez hemen. Venezuelan, aldiz, alde bakarretik jotzearen alde egin du. Kaosa areagotu eta gerra eragin dezakeen hautuaren alde. Maduroren agintea «diktadura» da. Yankee go home ez, Maduro go home aldarrikatu du EAJk. Etxe Zuriak txistu egin, eta korrika joan zaio, atzetik, Sabin Etxea. Alvaro Uribe eskuindarrarekin ez zuen hain zorrotz jokatu, haren agintaldiko hilketak eta gehiegikeriak ezagunak zirenean. 90eko urteetan, Antioquian gobernadorea zenean, paramilitarrek nekazarien kontra eginiko sarraskien berri ba omen zuen Uribek. Bestalde, Kolonbiako segurtasun indarrek herritar xumeak hil, eta borrokan hildako gerrillari gisa aurkezten zituzten gerra ikur moduan, euskal jatorriko politikaria presidentea zenean. Besoak zabalik hartu zuten Uribe Sabin Etxean, 2011n, jada boterean ez zegoen garaietan. Agintaria zenean Alberdi makila eman zioten. Realpolitik. Kargua utzita, eta haren iraganaz jabetuta, hainbesteko ohorea eskaini behar zioten Bilbon? Zoru etikoa zer zen azaldu ote zion Urkulluk Uriberi bilera hartan? Kargu hartu zion?

Hugo Chavez artean agintean zegoen urteetan Venezuelara joan zen lagun batek esan zidan nola hiriburuko alde aberatsenetara joaten zen, giroa ikusteko eta. Bertako parkeetan zegoen jende azal zuri edo ez hain ilunarekin hitz egiteko aukera izan zuen. Pribilegiatu horiek kezka asko zituzten. Eta kexa bat: «Orain, auzo pobreetako umeak gure parkeetara jaisten dira jolastera». Ume beltz txiro koipeztatuak ume zuri aberats dotoreekin parke berean. Hori nazka!

Aguirre, Larrazábal, Maguregui, Michelena, Narvarte, Olavarría… Eta Bolívar? Non dago Bolívar, EAJ?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.