Niko Iurramendi.
ARRANPLATIK

Has dadila, mesedez

2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Urtero, edozein kirol edo festaren hasierarako irrika izaten dugu. Arraunean ere ez da gutxiago izaten, eta, ETE, KAE 1 eta KAE 2 ligak hasiak diren arren, gaur abiatuko da Eusko Label liga, eta hurrengo asteburuan Euskotren liga. Niri asteburu honetako lehen estropadetan arraun egitea dagokit: Bilboko Ibaizabalen egiten den erlojupeko itogarrian aurrena; eta Zierbenan bigarrena, olatu txiki eta jostagarri artean.

Urte guztia entrenatzen pasatu eta gero, gaur egungo teknologiak direla medio, ez da zaila jakitea trainerua iaz baino azkarrago dabilen edo ez aurreko urtekoen aldean. Horren guztiaren jakitun egoten gara taldekideok, ez baitago traineru barruan lau GPS baino gutxiago daramagun egunik. «Zertarako balio du inoiz baino azkarrago edo oso azkar ibiltzeak, beste hiruk, bik edo traineru bakarrak ere pauso bera eman eta zu atzean utziko bazaitu?». Halako burutazioak etortzen zaizkit azken entrenamenduotan. «Ondo gabiltza, bai, baina zer posturen bueltan? Zazpigarren? Laugarren? Noizbait zerbait irabazteko moduan ibil gintezke? Kaka».

Entrenamendu bakoitzeko hamalau arraunlariko kuadrilla eta alboko ontzian garrasika joan ohi dena biltzen gara une berean. Bakoitzak bere gogoa du. Bakoitzak bere arazoak, bere urduritasuna. Horrek guztiak eta ligaren hasierak halako koktel antzeko bat sortzen dute. Eztabaidak are eta sarriago agertzen dira: gehienetan antzuak, gainera. Halako tirabira sutsu baten erdian egotea suertatu zitzaidan aurrekoan: nire aurrekoak «a» zioen,eta atzekoak ere «a».

Beste traineru eta kiroletan ere halako pasarteak gertatzen direla uste dut. Hau da, urduritasunak bideratzerako unean, ika-mika eta eztabaida axolagabeak sortzen ditugu, tentsio uneetan helduleku bat topatuko dugulakoan. Ez naiz eroso sentitzen, ordea. Beraz, has dadila behingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.