Imanol Magro Eizmendi.
ANALISIA

Ez du inor epel utzi

2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Javier Clementeren aldekoak aurkakoak adina dira Euskal Herrian. Inoiz ez du inor epel utzi, eta, 69 urterekin, gizonezkoen euskal futbol selekzioaren lema hartu du une erabakigarri batean. Federazioa ofizialtasunaren bidea urratzen hasia da, eta Barakaldoko ilehoria izango da galderetako asko erantzun beharko dituena. Sare sozialek ez dute zertan gizartearen isla izan, berez ez baitira, baina epaitegi dira maiz, eta atzo teknikariaren defentsa abokatuek eta fiskalek talka egin zuten.

Euskal hiztuna ez izatea da aurkako argudio nagusia. Zama handia da bere jardunean. Hautatzaile bakarra izango da, ofizialtasun bide horren ahotsa, eta ahots hori gaztelaniaz bakarrik entzungo da. Postu publikoetarako euskara eskaerak auzitan jartzen ari diren honetan, kritikagarria da federazioak euskara ez lehenetsi izana. Aurka du, halaber, molde zaharrekoa dela, eta zale askok ez dutela bere garai ona ezagutu. Horregatik, agian, ez dirudi ilusioa pizteko erregairik onena. Halere, jakina da zaila dela hautatzaile gaztea lortzea, talderen baten eskaintza jaso eta postua utz baitezake. Bere nortasunak ere ez ditu asko asetzen; eztabaidazalea eta maskulinoa da.

Defentsa abokatuek ere argudio sendoak dituzte, halere. Luis Mari Elustondok gertuko jendea nahi du bide honetan, eta fede handia du Clementerengan, orain arte ofizialtasunaren gaian gutxi busti den arren. Teknikari mediatikoa da, eta fokua erakarriko du. Reala eta Athletic zuzendu ditu; beraz, ezagutzen ditu selekzioa gehien elikatzen duten bi etxeak. Nazioarteko futbolean eskarmentua du, eta hori garrantzitsua da aurkari posibleak erakartzeko. Azkenik, ezagutzen du Espainiako Federazioaren estolderia. Ofizialtasunaren hurrengo partida Madrilen jokatuko da, eta ez du beldurrik izango oldarkor zelairatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.