urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Urte politikoaren galdeketak

2018ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Lehen urteurrenak markatuko ditu datozen asteak, itxuraz, Kataluniako Diadatik urriaren 1era eta handik urriaren 27ra. Gutxik irudikatuko zuten orduan, tentsioak tentsio, Carles Puigdemont presidentea erbestean, Oriol Junqueras presidenteordea preso eta beste kontseilari eta ANC zein Omnium Culturaleko buruak ere giltzapean izango zituztela.

Datozen asteetan ere helduko diogu beraz Kataluniari. Urtebete bete da gugandik urrunago subiranotasunaren beharra inoiz baino argiago gelditu zitzaiela puertorricarrei ere, modurik mingarrienean: Maria urakanak 3.000 lagun hil eta ehunka mila argindarrik eta urik gabe utzi zituen hilabetean. Hondamendia geldiarazteko gaitasunik ez, eta kolonia izateak kalteei ere ezin aurre egitea ekarri zuen. Krisi ekonomikoak ekarritako exodoa aski ez, eta Maria-ren ostean beste milaka lagunek utzi zuen uhartea; Puerto Ricon bizi direnen ia bikoitza dira dagoeneko Ameriketako Estatu Batuetan dauden puertorricarrak. Uhartean hiru milioi pasa biztanlera jaitsi da populazioa, eta ia sei milioi puertorricar daude AEBetan, New Yorken eta Floridan bereziki.

Kontuak kontu, errazagoa da Donald Trumpek Puerto Ricorekiko loturak etetea, puertorricarrek eurek independentzia hobestea baino. Hori du XXI. mendeko kolonialismoak, oso zaila dela metropoliarekiko menpekotasuna etetea, horrek herritartasunari lotutako berme ekonomiko daukanez.

Hori gerta dakioke Kaledonia Berriari azaroko erreferendumean: frantses herritartasunari uko egiteak, besteak beste, Europako pasaporte bat izatea galtzea dakarrelako. Besterik ere utzi dute agerian egunotan argitaratutako inkestek: independentziaren aurkako botoa %60 eta 70 inguruan dago, baina zatiketa etnikoa begi bistakoa da, kanak herritarren eta Kaledonia Berritik kanpoko jatorria dutenen artean (europar edo haien ondorengo euretako asko, baina baita Asia eta Ozeano Bareko uharteetako beste herritar ugari ere), kanaken artean ia erdiak dira independentziaren aldekoak, ia laurdenak aurka bozkatuko dute, eta beste horrenbeste dira zalantzan daudenak. Errolda izan da erreferendumerako bidean eztabaida-iturri nagusietako bat. Deskolonizazio kasu berezia da: bertako herri-indigenaren aitortza, gatazka armatua eta Nazio Batuen Erakundearen Deskolonizazio Batzordeak esku hartu dute galdeketara heltzeko.

Distantziaz bezainbat kasuistikaz oso urrun gelditzen zaigun auzia da, baina badu antzekotasun nabarmen bat: Frantzia izatea bere lurralde bati independentziarako eskubidea aitortzen diona. Kaledonia Berria urrun gelditu arren, datozen asteetan hango prozesuarekiko interesa igo egingo da. Zail dago, baina baietza nagusitzen bada, NBEn 194. aulkia izango du. 2014ko Eskoziako erreferendumetik alde biek aitortutako galdeketa bat dagoen lehen aldia da, eta 2011n Hego Sudan sortu ostean sortuko den lehen estatua litzateke.

Esanguratsua da, baina, haren atzetik beste bi galdeketa egongo direla 2019ko lehen erdian. Biak urrun, biak Ozeanian, baina biek izan dezakete ondorio bera: askotan ukiezina dirudien NBEren aulki kopuru handitzea. Mikronesiako Chuuk estatuak martxorako deitu du galdeketa, egun beste hiru artxipelagorekin osatzen duen federazioa utzi eta estatu independentea osatzeko. Ozeano Bareko estatu txikiek hitzarmen berezia dute Estatu Batuekin II. Mundu Gerraren ostetik: Washingtonek baseak eta harreman berezia dauka ozeanoko eremu zabal hori kontrolatzeko, eta, trukean, diru-laguntza eta bertako herritarrei AEBetan bizi eta lan egiteko eskubidea aitortzen die. Estatu Batuen rolak (eta Pazifikoan Txinarekin daukan gatazkak) baldintzatuko du, beraz, Chuuk-eko galdeketak nondik nora jotzen duen. Geoestrategia bete-betean.

Datorren ekainean, berriz, aurrera egiteko aukera handiena duen erreferenduma izango da: Bougainville uharteak Papua Ginea Berritik bereizi nahi duen bozkatuko du, duela bi hamarkada gerra amaitzean adostu zen legez. Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia da hauteskunde prozesuaren buru, eta hor bai, estatu berri baten sorrera ekar lezake.

Urruneko kasuak bai, baina betiere estatus politikoa herritarren esku dagoela nabarmen utziz. Eta ezin ahaztu agendan beste data bat ere, martxoan brexit-a gauzatzean Irlanda eta Eskoziatik urrats garrantzitsuak irits litezkeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.