urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Ziurgabetasuna

2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Nazioarteko albiste agentziek banatzen dituzten aurreikuspenetan, hainbat ziren asteburu honetarako; besteak beste, Bilboko atzoko manifestazioa nabarmentzen zuen APk, esaterako. Errefuxiatuak eta Balkanetako hotza, eta PSFren primarioak, CDUren biltzarra, Kolonbiako Gobernuaren eta ELNren elkarrizketa, Filipinetan Dutertek Shinzo Abe hartu izana (lehen estatuburua), Myanmarren rohingyen aurkako erasoak, Ganbiako krisi politikoa... baina horren guztiaren gainetik, trantsizio giro bat da nagusi, amaitzen ari den aro baten eta ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna nagusituko diren sasoi berriaren hasiera. Ostiralean du jarria abiatze-data, bistan da.

Badoa Obama eta badator Trump. Elkarren segidan izan ziren Chicagoko agerraldia, Obamaren azken agurra, eta New Yorken biharamunean Trumpen prentsaurrekoa, lehena iazko uztailetik. Eta han agertu zen oraindik presidente dena, «Yes, we can» eta «Yes, we did», entzuleak patrikaratuta, gizaki eta gizatiar, oratoria paregabearekin hunkitzeko gai zortzi urteren buruan; eta ordu batzuk geroago mundu guztiaren aurka mintzatu presidente hautatua (mundu guztia ez, beti salbatzen da kritika txikiena jasotzen ez duen lider bat). George W. Bushen ostean iritsi balitz, baten ezjakintasunarekin uztargarri izan liteke bestearen harropuzkeria. Eguna hasteko idazkariari ukituak egin edo bekadunari belarrondoko bat eman diola entzun eta hala izan dela sinesten duzun pertsona sartuko da Etxe Zurira. Bai, badakigu kargua uzten duenak ez zuela Bakearen Nobel saria merezi, Guantanamo zabalik eta droneen biktimak hor daudela, etxean ere ezinean ibili dela migratzaileen erregularizazioan eta armen kontrolaren borrokan erabat aurka zituen Ganberen aurrean. Baina lehen aldiz osasuna eskubidea dela aldarrikatu duena ere bada, eta Obamacare atzera botatzen dutenek badakite oraintxe bertan ez dagoela beste alternatibarik milioika lagunentzat.

Espioi jokoa balitz bezala, AEBetako inteligentzia zerbitzuek bost egun barru buruzagi izango dutenaren trapu zikinak haizatzen hasi dira, eta iruditzen zait inork ez dakiela noraino irits daitekeen hori guztia. Asteazkeneko prentsaurreko negargarriak eman zigun zantzurik zelangoak izango diren datozen lau urteak, kazetarien aurrean etengabe muturtuta eta gainontzekoei bizia salbatzen dien itxurak egiten dituen presidente batekin. Rex Tillerson oligarka,Vladimir Putinen lagun kuttun eta Estatu idazkari izendatuak agerian utzi ditu zenbait karta, Txina eta Iranen aurka eta Israelen eta Erdoganen Turkiaren alde, esaterako. Senatuko agerraldietan azkenak James Mattis Zakur Eroa Defentsa idazkaria eta CIAko buru izango den Mike Pompeo izan dira, eta errepublikanoen jarrera tradizionalari heldu diote, Tillersonen eta Trumpen aldean Errusia ere mehatxu gisa hartuz. Eta pentsa liteke horrek orekatu eta baretu dituela AEBetako hedabide nagusiak, nolabait eskuindarra izatea, are oso eskuindarra, ulergarri balitz legez, baina ez Errusiarekiko jarrera historikoa aldatzea eta, nolabait, munduko hegemonian pitzadurarik izatea.

Inperioaren buru beltz progresista bat egotetik ultra misogino eta arrazista batek gidatzera jauzi handia da, eta baten batek bere burua lasaitu nahi du, hark nahi beste egiterik izan ez duen legez, honi ere sistemak bere hegal faxistak kate motzean lotuko dizkiolakoan. Baliteke. Errusia krisi demografiko eta ekonomiko larrian dagoen herrialdea da, lider autoritario batek harrotasun patriotikoa berpiztuta ere. Txina da AEBetako zorraren zati handiena daukana. Obamak argi ikusi zuen nazioarteko politika hor kokatu behar zuela, baina Ekialde Hurbiletik irten nahi eta geroz eta gehiago katramilatu zen. Atlantikotik Pazifikora joan da nazioarteko politikaren gunea. Eta egungo krisian dena ilun ikusita ere, Europarako ez du zertan kalterako izan protagonismo hori galtzeak. Interesgarriena, horratik, AEBetan bertan garatzen ari den erresistentzia da. Trumpen kargu hartzerako martxa feminista bat deituta dago. Migratzaile gehien dituzten hirietako alkateek esana dute ez dutela parte hartuko Gobernu federalaren deportazio planetan. Ekologistak, LGTB aktibistak, arrazismoaren aurkako eta eskubide zibilen aldekoak, baita kontserbadore tradizional asko ere, auzitegietan borrokatzera tematuta daude, Trumpek iragarritako neurrietako asko legez kanpokoak direla jakitun. Eta oso mugimendu interesgarria pitz liteke hor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.