Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Hogeita lau ordu gizonezko baten bizitzan

2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Hozkiz aski.

Iragan abenduko 13an, ostiralez, emakume-kondizioarekin zerikusia duten mami bertsuko hainbat albiste, txiripa eta gogorazio izan nuen eguneko protagonista. Ez dut esango esperientziak bizitza aldatu zidanik, baina pentsarazi egin zidan eta hori aski da: Stefan Zweigen Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan narrazioko protagonistak dio ordu gutxitan bizi izandako esperientzia bat askoz eraginkorragoa izan daitekela berrogei urteko bizialdia baino.

Ohetik jaiki orduko, bartko mezu bat ikusi nuen mugikorrean. Seminario-garaiko ikaskide baten gutuna. Ez naiz batere nostalgia-zale; bera, ordea, bai. Atezuan ekin nion irakurketari. Nerabezaroan elkarrekin bizi izandakoen sakristia-usaineko oroitzapenen arrosarioan —nostalgiaren zirtzilak guztiak ere— esaldi kexuzko batek piztu zuen nire arreta: «emakumerik gabeko gotorleku batean bizi gintuan!».

Esaldia oroitik kendu ezinik egin nuen goizeroko paseoa. «Emakumerik gabe? Iruditu egingo zaik!», berotu zitzaidan nire baitakoa. Zer ziren, ez bada emakumeak, gure maindire maiztuak, kaltzontzilo zikinak eta gainerako zantarrak garbitzen zituztenak? Nortzuk prestatzen zizkiguten garbantzuak eta gisatuak? Zein ziren izan ikasleon komun komunak garbitzen zituztenak? Zeintzuk, limoi-zuku eta guzti, zaintzen gintuztenak gaixotzen ginenean, ez bada seminarioko soto-kobetan bizi ziren mojak, ikusezin, isiltasunaren itzal, bazterketaren jopu?

Emakumerik gabeko gotorleku batean? Seminarioak bezalakoak ziren orduko kolegio-barnetegi erlijiosoak ere, eta, gutxi-asko, etxe askotan ere moja-lana betetzen zuten gure amek, amonek, arrebek…

Etxera itzuli, dutxatu eta gosaldu berri, ordenagailua piztu eta 'zenbat moja dago Vatikanoan?' idatzi nuen Googlen. Sarrera gutxi agertu zitzaidan euskaraz, eta galderara hurbiltzen zenik, bakar bat ez. Italieraz ere ez nuen datu zehatzik topatu. Gaztelaniaz, lehengo sarreran tinkatu zitzaizkidan begiak:«Vatikanoa moja-neskamez beteta dago». Lucetta Scaraffia izeneko emakume baten hitzak dira. «Noski badirela apaizek mojei egindako abusuak […] Emakumeak eta gainera mojak direlako umiliatzen dituzte» […] Kardenalek-eta ni neu ere umiliatu naute».

Scaraffia ez da deabruaren sufre-kirats nardagarriek sorgindutako feminista bat: historialari ezaguna, 2012 urtean Donne Chiesa Mondo ('Emakumeak Eliza Mundua') aldizkaria sortu zuen Frantzisko Aita Santuak propio eskatuta. Ez da moja, laikoa baizik.

Mintzoa, sexu bakarrarena.

Hozkiaren askiak lar gogaituta, goizero egiten dudan prentsa-pasari ekin nion. Pedro Sánchezen inbestiduraren zurrunbiloaokagarren aldiz. Aurki, ordea, lagunaren mezuko gaiarekin egin nuen berriro topo, oraingoan, giro klerikaletik kanpoko eremu desberdin batean. Albisteak biziki estonatu ninduen, zeren nekez imajina nezakeen lustre handiko idazle miretsi baten eskutik itzuliko nintzela, eta nola, egun hartako gaira.

Abenduaren 13ko egunkari askok zekarren albiste estonagarriak zera zioen metaforabiribil batek izan ohi duen indarrarekin: emakumeek, zioen albisteak, debekatua omen dute Samuel Becketten Godoten esperoan interpretatzea. Zergatia: idazlearen testamentuko klausula batek debekatzen duelako. Jo ta ma utzi ninduen albisteak, jo ta pasa nauka Becketten klausulak hauts askorik ez harrotu izanak ere: sortu bezain aurki itzali zen debate ia bakarra jabetza intelektualaren eta zentsuraren arteko marra. Beste zerbaiten jarria neukan nik arreta.

Bizitza interpretatu, irudikatu, bizi al daiteke gizonezkoen begiradatik soilik, emakumeen interbentziorik gabe, munduaren erdia isiltasunera behartuta? Aukera natural bakarra horixe balitz bezala jokatu du gizonak, gizonak dira historiaren begiak eta ahotsa. Jardun ia atabiko hori eta Becketten erabakia ez lotu izana egiten zait harrigarri, zeren gaiaren muina seinalatzeaz gainera, hatzak bertako zornean egiten baitu saka eta min: nork kontatu du eta kontatzen ari da historia?

Interpretazio asko eman zaizkio Godoten esperoan dramari, literaturaren historian obra gutxik lortu du hainbeste. Becketten obrak esperoa du funtsa,filosofiak —gizonezkoen propietate intelektual ia esklusiboak— oso gutxi tratatutako kontzeptu bat da. Kasualitatea? Esperoa enpirikoki bizi eta esperoa larrutik sufritzen duena emakumea da. Hilekoa, enbarazua, erditzea, amatasuna… Peneloperen esperoa senarra gerretan dabilen bitartean… Sherezaderen sumisioa, bizia salbatuko badu…

Imajinatu bost aktoresa handi Vladimir, Estragon, Pozzo, Lucky edo Mutilaren rolean. Kontrastatu noka ari direla elkarri, euskarazko testuan toka egiten dutena. Erreparatu esperoaren absurduak hartzen duen dimentsioari emakumeen ahotsetan, haien gorputzetatik, beren eme kondiziotik… Hausnartu ea gizonontzat eta emakumeentzat berdinak ote diren esperoaren zentzu eta konnotazioak, kemen fisikoa eta motxila psikologikoa…

Esperoa fisikoa da; esperantza, metafisikoa. Esperoak orainaldian ditu oinak;esperantzak, etorkizunean. Nago —hipotesi bat da— emakumeak ondo bereizten dituela esperoa eta esperantza.Gizonezkoak, nekez.

Prestigioa boterea da.

Abenduak hamahiruan berean, ilunabarrez, 1955etik bi idazlekondo gordetako gertakari baten berri eman zuten hedabideek:Elena Poniatowskak salatu zuenez, Juan José Arreolak bortxatu egin omen zuen eta haurdun utzi.Poniatowskak haurra munduratzea erabaki zuen, isilik gelditzea deliberatu. Poniatowska bizi da, Arreola aspaldi zendu zen. Eraso sexual hark isilik segituko zuen. Orain gutxi, ordea, Arreolaren beste eraso sexualbatzuk salatu dituzte. Poniatowska, isilik. Arreolaren familiakoek, ordea, ezin isilik egon, eta isilik zegoena jipoitzen hasi ziren gupidagabe. Poniatowska horregatik mintzatu zen. Ertz asko ditu albisteak, irakurleak aski eskura ditu sarean.

Abenduaren 13an Poniatowskaren esaldi bat buruan nuela sartu nintzen ohean: «Haren talentuak eta inteligentziak hurkoa baliatzen irakatsi zioten».

Arreolak prestigioaren boterea zeukan sentimenduak manipulatzeko, bidea egiten hasi berri baten gogoa lausotzeko, argitaletxetako ateak zabaltzeko, prestigioaren eskutikhurkoa bortxatzeko…

Oheratu eta Simone de Beauvoirren Bigarren sexua euskaratu berria berrirakurtzeari ekin nion abenduaren 13a biribiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.