Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Unibertsitatea boloniar saltsan

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Lan seguruaren pagotxa.

- Ez hain aspaldi, orain mende erdi, ikasleek kontu segurua zuten titulu bat lortu bezain aise izango zutela lan segurua. Unibertsitate eta unibertsitario gutxi zeuden, eta ezagutuz gero tituludunen bat lanik gabe, seguru aitatxoren sosak zituela errape. Lanbide gehienetan aski zen unibertsitatean ikasitakoa. Eta, hala, unibertsitatetik pasatutako askok, ikasi zutenaz gainera, aski zuten adi-edo egotea beren lanetan gertatzen ziren berrikuntza apurrei. Ez zuten formatzen segitzeko beharrik sentitzen, askotan erdi analfabeto kulturalak bihurtzeraino.

Lan seguruaren pagotxa, ordea, aspaldi galdu zen unibertsitateetako jardinetan: nork ez ditu hurbilean auskalo zenbat bulegotako atean jo eta bertan lo geratzen diren kurrikulumen jabe desesperatuak? Mundua aldatzen eta aldatzen ari da bertigozko abiadan, eta gaur inteligentzia naturalaren pikardia ez da aski onik irteteko bizitza profesionalaren ziabogetatik. Orain hamar-hamabost urte lizentziatu zen jende askok atzean geratu dela ikusten du. Ez da gaurkotu, ez zitzaion irakatsi bizitza osorako ikasle izaten. Baina unibertsitatetik irten eta gero nor sentitzen da ikasle?

Ez du baliorik galdu Einsteinek orain ehun bat urte esandakoak: «Irakaskuntzak beti bilatu behar du ikaslea irten dadila eskolatik nortasun harmoniko baten jabe, ez espezialista baten moduan». Unibertsitatea ere irakaskuntza da, eta bere ardura da, irakasketen beste etapetan bezala, ikasleen nortasun harmonikoa bilatzea. Einsteinek, ordea, badio zerbait gehiago ere: «Nire iritziz, hau aplikagarria da baita eskola teknikoentzat ere, nahiz bertako ikasleak ondo definituriko lanetan arituko diren. Beti lehenetsi behar litzateke pentsamendurako eta juizio independenterako gaitasuna ezagutza espezializatuen gainetik». Unibertsitatearen alor asko, ordea, gero eta gehiago dira eskola politeknikoak. Humanismoa rara avis da programetan, ahitu da Errenazimendutik zetorren eredua: erdeinuz hartzen dugu jakitea bera helburu duen ahalegin oro. Etekinaren izurriteak zornatu ditu ikaste soilaren plazerra, helburu utilitariorik gabeko irakurketaren poza, balio materialik ez duen jardun intelektualaren balio preziorik gabea.

Unibertsitateaboloniar saltsan.

- Unibertsitatea, oro har, urruti bizi da kultura ernaltzen eta biziarazten duen likido amniotikotik, ikasitakoa eta bizitza uztartzen dituen eguneroko airetik. Unibertsitateak, jakituriaren tenplu ere deituak, gehiago transmititzen du burokratizatutako gotorleku baten itxura jakituriaren plaza batena baino. Gaur nagusi den unibertsitatearen eredua gero eta eskuzabalago da enpresen, merkatuaren, globalizazioaren maizter, eta gero eta modu mizkinagoan da diru-etekinik gabeko kulturaren zerbitzari.

Garaian garaiko beharkizunei erantzun behar die formazio akademikoak. Noski baino noskiago. Baina ezagutzaren oinarri sendo iraunkorrak transmititu gabe, munduari begiratzeko begirada kritikoa landu ezean, nekez utziko dugu jaso genuena baino mundu hobeagoa. Bizitza akademikoan zehar ikasleei ez bazaie espiritu kritiko librea txertatu eta mundua hobetzeko premia akuilatu, neutraletik oso gutxi duen eredu bat bazkatuko dugu: irakaskuntzaren ikuspegi praktiko utilitarista bat, zeinean dirua den jainkoa balio etikoen gainetik. Guztiak omen dauka bere prezioa, baina benetako ezagutza ez da dirutan ordaintzen: Axularrek bere itzala saldu zion deabruari jakituriaren truke, non, eta Salamancako unibertsitate entzutetsuaren atzeko kobazulo batean.

Errenazimenduko espiritua —jakituriaren alde libre doakoa lehenesten duena— mugarria izan zen unibertsitatearen historia luzean eta izan da modernitatean. Humanismoa deitzen diogu. Ordutik ia gaur arte, unibertsitateak Erasmoren espiritu laiko librea izan du argi. Ia gaur arte. Azken hamarkadetan, jakituriaren berezko balioa desagertu da unibertsitateko programetatik; humanismoa ikasgeletatik atera dute arrotz baten gisa. Milaka mediku, epaile, irakasle, zientzialari ari da unibertsitatetik irteten ikasgeletan mendreenaren laurdenik ere entzun gabe filosofiak eta pentsamendu zientifikoak, literaturak eta arteak esan dutenaz oinazeaz, justiziaz, aurrerapen zientifikoez, etorkizunari buruzko debate etiko garrantzitsuenez.

Einstein dakart berriro:«Uste dut praktikotasuna eta efikazia helburu dituen heziketa intelektual soilak balore etikoen ahuldura ekarri duela [...] Kultura etikorik gabe, humanitateak ez du salbamenik».

Unibertsitatea jakituriaren tenplua zela esaten zitzaigun, baina batzuetan akademia politekniko baten itxura hartzen zaio hainbat esparrutan, eta humanismoarekin zerikusia duten diziplinak erratzen gelan gorde zirenetik, are gehiago. «Unibertsitatea Boloniako saltsaren erara, unibertsitatearen heriotza da», abertitu zuen José Luis Sampedrok.

Bukaeraren hasiera.

Modu askotara esplika daiteke unibertsitatearen historia. Moduetako bat, jakituriaren eta pragmatismoaren arteko lehia kontatzea izan liteke. Eta lehia horretan «unibertsitate publikoaren bukaeraren hasierako garaiak bizi ditugu Bolognako prozesua hasi zenetik», zioen Ismael Manterola arte irakasle eta kritikariak berripaper honetan. Unibertsitatea eta zerbitzua nola ulertzen diren da koska. Gizartea mundu ekonomikoaren sinonimotzat jotzen den edo hori baino zerbait gehiago den. Urrea ote den gizartea neurtzeko lakari bakarra.

Bizitzak gehiago erakusten digu eskolak baino, Senekak ondo zioen, baina eskola ere bizitza da. Eskolak bizitzaren faro noranahikoa zentratzea eta bizitzaren leihoak mundura zabaltzea du helburu, munduaren aldaketa etengabeari zorroztasunez eta begi kritikoekin begiratzen irakastea. Horretarako, ordea, unibertsitateak magisterrak behar ditu, gehiago izango direnak karrera egiten ari direnen orientatzaile, eta ez beren karrera propiora orientatutako ikerketa-lan burokratiko kafkiar batzuen esklabu, berriki salatu duenez Nuccio Ordine literatura-irakasle italiarrak. Ordineren ustez, sistemak oso eragin hondatzailea omen du, besteak beste, italierazko saiakeran. Italieraz hala bada, nagi bai nagi nago imajinatzen hasteko zer gertatzen den euskarazkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.