Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Giro politikotik klima aldaketara udaren eskutik

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ikusita zegoen

Gizon bat etxe altu bateko terrazaren ertzean mehatxu eginez bere burua botako duela. «Ez! ez! pentsatu ondo!», diotso kalean pilatzen hasi den jendeak. Handia da suspensea. Gizonak, bizkarra okertuz, salto egiteko keinua egin du. Sekulakobaraila atera da lekukoen eztarrietatik, handik hurbil ospatzen ari ziren eztei bateko gonbidatu eta ezkongaiak ere batu dira jendearekin. Gizonak gero eta keinu gehiago egiten du bere burua botatze aldera. Ausardia falta zaio? Benetan du buruaz beste egiteko asmoa? Jendea errezelatzen hasita dago ez ote den adar-jotze bat. Txistuka hasi dira, eta txistuak burla bihurtu. «Bota hadi behingoz, ez duk potrorik!» esan du builosoenak. «Berehalakoan engainatuko nau berriro!» esan du andregaiak. «Leher hadi zoruaren kontra, pailazo ahalena!», senargaiak. Itzuli dira jatetxera, baina ordurako jasoak daude bazkariko mahaiak, alde egin dute musikariek. Bakarrik geratu da suizida, metro dezente beherago dagoen asfaltoari begira.

Estatuko lau politikari nagusien arteko uda honetako liskarrak sarri ekarri dizkit aspaldian ikusitako film bateko irudi horiek. Pelikulari ez diot ez izenbururik ez zuzendariaren izenik gogoratzen. Frantsesa zela uste dut, besterik ez, baina bertan kontatzen dena —»Otsoa datorrela!, otsoa datorrela!» kontakizun tradizionalaren bertsio gaurkotu bat— oso da interesgarria, zeren ugariak baitira bertako sekuentzietatik atera litezkeen paralelismoak, tartean politikoak. Alarma politikoen manipulazioa, politikagintzaren alde nobleenaren desintegrazioa, birtualitatea errealitate egunerokoa gainetik, politikaren teatralizazioa, neurri prebentiboen erabilera, kapitalismoaren zerbitzaritza...

Mendebaldeko sistema politiko nagusiak —demokrazia deitzen diogun entelekia gero eta antidemokratiko eta belaxkagoak— ez du suizidatzeko asmorik, ezta inertzia gero eta autoritarioagoa aldatzekorik ere, nahiz gelditzen zaion sinesgarritasunaren apurraren purra hondabidean behera eta handitzen doan elur-bola bat bezala. Horra Estatu espainiarreko lau alderdi nagusiek emandako ikuskizun penagarria ere, ume-kantako sagua eta katua bezala jardunez ez nau jango, jango zaitut eginez.Inork ez omen zuenhauteskunderik nahi, deskalabru totala gertatuko omen zen hartara iritsiz gero, guztiak beren zilborrari so, denek zekiten gertatuko zena; aldez edo moldez, denak zebiltzan horrexen bila, nork bere posizioa hobetzeko esparantzarekin, lau urte luzez zain egon gabe.

Egintza politikoa teatralizatu, banalizazioa eragin: Golkoko gerratik gaurdaino zenbat manipulazio eta hordagoen antzezpen inbasioak zuritzeko; emakumearen askatasuna bortxatzeko; neurri ekonomiko bidegabeak hartzeko;emigrazioa kriminalizatzeko…

Marra gorriak aipatzen dituzte. Marrarik lodi gorrienak ez dira, ordea,alderdiek elkarri jarritakoak (komeni zaienean ondo dakite konpontxo egiten),alderdien eta jendearen artekoak baizik. Agintarientzat inkestak, prentsa, aholkulariak dira mundua.Lotuta daude endogamia gero eta isolagarriagora, lapa arrokara bezala. Bizirik segituko du demosik gabeko demokraziak, baina gero eta autoritarioagoa izatearen pentsura, buruzagien despotismo endogamikoari aski baitzaio botoen liturgia demokraziaren itxurari eusteko. Tentua galdua dioteespainiar atsotitz ezagunari: entre todos la mataron, ella sola se murió (denen artean akabatu zuten, bera bakarrik hil zen).

Egia, interesen araberakoa

Berriro hauteskundeetara joan beharraren deskalabru totalaren erantzuleek porrotaren erantzukizuna gainetik kendu nahiko dutenean eta arerio politikoari leporatu, ez da makala izango farfailatuko duten matraka, erretorika sasi-demokratiko batez. Hemendik azaroaren 10era bitartean, nork bere egia kontatuko omen du. Nori, ordea? Ez ditugu ba ondo ezagutzen protagonista bakoitzaren zilborra, tripak, engainurako psikopatia?

Lucia Garibaldi zinemagile uruguaitarrak iragan Zinemaldian esana berripaper honi: «Egia guztiak eraikitzen dira behar eta interesen arabera».

Egiak, eraikin. Egiak, interesen araberako. Ezin da esan labur eta argiago, komeni da higiene mental pixka bat gero eta sasoi demokratiko gutxiagoko sasoi ilun hauetan.

Hilabete honetan higiene mentalari eutsi nahi dionak izan bitza gogoan bai Garibaldiren hitzak, baitaImanol Muruak esaten zuena ere adar-jotze puntu batez: «Egia guztiak dira txarrak:argiegia, motzegia; fidakorregia, fidakaitzegia;zoroegia, zentzudunegia, gezurtiegia, egiatiegia...»

Bere letra ezagutzen ez

Udak ekarritakoa da, baita ere, klima aldaketaren kontrako haize aldekoak hartu duen indarra. Max Frisch-en Gizona Holozenoan agertu zen nobelako protagonista, Geiser, bakarrik bizi da; laster egingo ditu laurogeita hamar urte; flakiak joa du memoria. Ahanzturari kontra egiteko, hainbat kontu deigarri apuntatzen hasi da gizona paper-muturretan. Gero, etxeko paretetan itsasten ditu. Itsasten ditu entziklopedietako eta geologia liburuetako orriak ere: Tesino kantoi suitzarrean bizi da Geiger, eta ez ditu ahaztu nahi bere etxetik ikusten dituen glaziarrak, harkaitzak, orografia.Urtarotik urtarora gertatzen diren aldaketa xumeak, ia deusezak dira eta beti berdinak. Mundutik aparte eta memoria ahultzen ari zaiolarik, naturaren obserbazio panteista halako batdu Geigerrek jarrera nagusi: mendiak ez dira sekula hilko; bera bai, hilko da, baina mendiak, glaziarrak, harkaitzak beti egongo dira bertan…

Halako batez, begiak arranpalo gelditzen zaizkio etxeko hormetan dauzkan paperen aurrean:

«Nork idatzi ditu paper-mutur hauek guztiak?».

Max Frischek 1971n argitaratu zuen nobela. Ordutik hona euri asko egin du eta orduan baino zikin zikinagoa; ordutik hona klima gehiago aldatu da Homeroren garaitik 1971ra baino. Geigerrek etxetik ikusten zituen mendien memoria gorde nahi zuen paper-muturretan. Guk ez dugu horren beharrik: naturan bertan, paper-muturren premiarik gabe, ari gara idazten, lerroz lerro eta gure letraz, gure baldarkeria kosmikoaren historia.

Geigerrek ez du bere letra ezagutzen. Guk bai gurea, badakigu guk idatzia dela uzten ari garen hondamendiaren kontakizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.