Gorka Azkarate.
IRITZIA

Nola eman amore?

2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Bi ahoko labana izan ohi da bertsolarientzat edozein txapelketatako kanporaketa fase bateko azkeneko saioan kantatzea; are gehiago finalaurrekoen faseaz ari bagara. Nabari zen urduritasuna igandean Usabaleko oholtzara igo ziren bertsolariengan, eta, halakoetan ohikoa den legez, esango genuke bat baino gehiago bizkarrean presioaren zama deserosoa sentituz aritu zela kantuan. Plaza goraino betea, aurreko bi saioetan jazotakoa eta bertsolariek jasotako puntuak buruan dantzan... ez da erraza emozio horiek kudeatu, eta saio borobila ontzea. Aitzakiarik gabeko plaza beroa zegoen igandean kanturako, publikoa bukaerak eta lerro nabarmenak koruan kantatuz une oro, eta bertsolarien lana txaloz eskertuz. Hala ere, bertsoaldi bete-beteak baino gehiago izan ziren erdibidean geratutakoak. Izan zitekeenaren eta izan zenaren arteko muga...

Txapelketa honetan urteen joanean beste inork baino eskarmentu handiagoa pilatu duen Jon Maia aritu zen finen Tolosan, lanerako buzoa soinean, bertso bakar bat ere alferrik galdu gabe. Bete-betean asmatu ez zuenetan ere duintasunez eutsiz, eta bete-betean asmatu zuenetan, kartzelakoan kasurako, plaza lehertuz. Modu sinesgarrian kantatu zion maitasun hautsiari, baita modu sinesgarrian sartu ere abokatuaren zein politikariaren paperean. Ederki daki zumaiarrak bere iragazkitik pasatutako pertsonaiak sortzen, eta horri bere Hezurbeltzak taldearen doinu goxoa gehitzen bazaio, finalean oso goian ibil daitekeela pentsatzeko arrazoiak daude.

Bera eta Oihana Iguaran ziren igandean faborito nagusiak; bigarren horrek orain lau urte Illunben kantatu baitzuen. Ez zen arratsalde erraza izan Iguaranentzat, nahiz eta saioaren joanean ez zen arriskuan ikusi bere sailkatze txartela. Gauza oso politak egin zituen, nahiz eta politenak finalerako gorde dituen sentipena daukagun. Kartzelako ederrarekin eman zion errematea saioari, lan horretan agian doinuak askorik lagundu ez bazion ere. Pronostikoen arabera lehenengo bi postuetan behar zuten Maiaren eta Iguaranen atzetik, edozer pasa zitekeen saioaren amaieran, eta argi zegoen besteren bat gehiagorentzat irekitzen bazen Illunbeko atea, puntu gutxi batzuen baimenarekin izango zela. Plazak eztanda egin zuen Beñat Lizasok txartela lortu zuela jakin zenean. Teknikoki agian bere bizitzako saiorik onena egin ez bazuen ere, zalantzarik gabe oroitzapenen urrezko kutxatilan gordeko du azpeitiarrak igandekoa. Urteen poderioz garatu duen patxada harrigarri batez kantatu zuen, bete-betean asmatu ala ez, eta merezita lortu zuen bere bizitzako saririk potoloena. Sari bera lortzetik oso gertu geratu zen Jokin Uranga bere herrikidea, bertso oso onak kantatuz tarteka. Aipagarria da, esaterako, saioari hasiera eman zion ofizioa, Lizasorekin ondu zuena, ijitoei etxea alokatu nahi ez zietenen paperean: zurrumurruak entzun ziren publikoan tarteka euren diskurtsoarekin bat ez etorrita, baina gaiak markatzen zuen paperean bete-betean sartu ziren, bertsoaldi aparta osatuz. Iban Urdangarin eta Haritz Mujika atzeraxeago geratu ziren, baina eman zuten hauek ere beretik une askotan. Aipagarria Urdangarinek, Ataungo aguazila izaki, kartzelan osatu zuen autofikzio lana. Eta Haritz Mujikari dagokionez, ezinbestean aipatu behar aurtengo txapelketan eman duen sekulako jauzia, etorkizunean emango duenaren aurrekari. Dena prest Illunberako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.