Danel Agirre.
SASKI DA!

Fitxatzeko hain zaila den horixe

2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Errutinazko berreraikitzea. Iazko uda ezin atipikoagoa izan zen Baskoniarentzat: hutsetik berriz hastea usadiotzat duen kirol zuzendaritzak bi hegaleko baino ez zituen trukatu behar izan. Denboraldi berria, hala eta guztiz ere, hasterako joan zitzaion kontrako eztarritik. Euroligako susperraldiaren ondoren, bigarren desengainu batekin amaitu du sasoia— Espainiako Kopakoa izan zen lehenbizikoa—. Aurrekoa baino askoz udaldi tipikoagoa datorkio orain Baskoniari: dozena erdi bat pieza aldatuko ditu klubak akaso, eta ezer ezin da ziurtzat eman. Jokoaz gozatzeko benetako ezintasuna duten sare sozialetako merkatuaren jonkientzat (gero eta gehiago dira) gozamenerako asteak datoz. Emaitza txarren beroaldiak baino gehiago, sasoi honetako taldearen gabezien diagnostiko zehatzak eman behar lieke bide, ordea, mugimenduoi. Porrotak eragindako nahasmenduan, ezinbestekoa da norabide zuzena topatzea.

Beste biez gain, burua. Saskibaloi jokalariak aztertzeko solasaldi informaletan, ezaugarri fisiko eta teknikoek (ziento bat zenbakiren laguntzaz) bereganatu ohi dute zale eta analisten arreta. Talentua deitu ohi zaionaren hirugarren osagaiari, adimenari, apenas egin ohi zaio aipurik. Haatik, NBAko idazkari teknikoen txostenetan intel atalean laburbiltzen duten hori erabakigarria da xehetasunengatik erabaki ohi diren goi mailako lehiaketetan. Buruargitasuna ezinbestekoa da partidetan saihetsezinak diren krisiak egoki kudeatzeko, baita azken txanpak tentuz gobernatzeko ere. Aspaldian titulu sorta eskuratu duen Valentzia da taldekide adimentsuak elkartuz lortutako arrakastaren adibide bikain bat. Eta hortxe nabaritu izan zaio aurtengo Baskoniari gabezia nagusia. Atletikoki oso multzo ahaltsua zen gasteiztarrena, teknikoki bezala; lepo gainean izan du hutsunea. Haizea alde ez zuen bakoitzean burua galdu eta harakiria egiten bukatu du. Antsietateak jota, jabetza bakoitzean mundua konpondu nahian aritu dira jokalari batzuk. Burua makurtu, eta desagertzeko joera azaldu dute beste hainbatek. Ohiko etorkizun oparoko gazteez gain, ofizioa benetan menderatzen duten piezak behar ditu Baskoniak. Erabaki delikatuenak hartu beharraren erantzukizunik gabe -Toko Xengeliaren kasua da agerikoena- askoz hobe leudeke batzuk, eta ekarpena hobetuko lukete akaso.

Urrutira joateko, hamalau. Atsekabeak jota, Velimir Perasovicek ez zuen baieztatu ahal izan igandean sasoi berriari Gasteizen ekingo dion ala ez. Kalte-ordainerako eskubidea luke kaleratzen badute, eta pentsatzekoa da Josean Kerejetak zuhurtziaz maniobratu nahiko duela zabaldu zaion krisian. Zaragozaren aurkako kanporaketan errotazio oso bitxiak erabili ditu Perasovicek, eta, emaitza kaskarrez harago, baliabideak kudeatzeko orduan azaldu ohi duen burugogorkeria da sarrien kritikatu ohi den haren akatsa. Lantaldea handitzeko behar gorria du Baskoniak, datorren Euroligak lau jardunaldi bikoitz gehiago izango dituela jakinda. Zalantzazkoa da Peras egokiena ote den hamalau edo hamabost jokalariko multzoa maneiatzeko.

Ez zuen zertan ederra izan. Asteburuko LEB ligako lauko finala Bilbo Basketen denboraldiaren laburpen perfektua izan da: dentistarengana lau hagin kentzera joatea bezain erakargarriak izan dira beltzezkoen bi partidak, baina behar zuten amaiera izan dute. Alex Mumbruren jardunak mesfidantza eragin du sasoi osoan, eta harena da garaipenik sonatuena. Joan den udan jasotako aukera klubak zor zionagatik (izan dirua, izan esker ona) eman zena uste zuenik ez da falta izan. Eta lehen postuetan mugituta ere, Bilbo Basketen jokoa distirarik gabekoa izan da. ACBren eta LEBen arteko kontrastea izugarria da: batean, 18tik 14 partaidek izan dute 80 puntuko batezbestekoa; bestean, bakarrak baino ez. Hala eta guztiz ere, Mumbruk konplitu du eskatutakoa. Datozen egunotan zorraren berrantolaketa eta hartzekodunen konkurtsoa itxi, eta erronka berealdikoari helduko dio zuzendaritzak. Baikor izateko arrazoirik bada: ia sosarik gabe ere, Bilbo plaza erakargarria da oraindik ere jokalari askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.