Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Europa, arazo digital bat daukagu

2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Etxeko kontuekin kezkatuta, Europako Legebiltzarrerako kanpaina egin duten politikari gehienek alde batera utzi dute kontinente osoari dagokion gai bat: zer egin behar du Europako Batasunak AEBen eta Txinaren arteko borroka teknologikoan? Donald Trumpek Txinari muturreko bat eman dio Huaweiren masailean, eta horren bitartez ikusi da merkataritza gerraren benetako aurpegietako bat: etorkizuneko industria eta ekonomia gidatu behar duen teknologia kontrolatzeko lehian ari dira Washington eta Pekin.

Aurretik ez bazekien, orain inoiz baino argiago du Txinak ezin duela hari solterik utzi Interneten munduan, horren esku egon daitekeelako XXI. mendeko potentzia nagusia izatea. Hau da, ezin diela utzi Facebook, Google, Apple eta enparauei sarearen gaineko kontrol osoa izatea, (batzuetan) botere politikoaren aurrean ere makurtu behar direlako. Egia esan behar bada, aspaldi ikasi zuen lezioa Pekinek, Interneten jario libreegia zentsuratzeko moduak bilatu zituenean. Gaur egun, txinatarrek Baiduren bidez bilatzen dute Interneten, We Chaten eta Tencenten bidez komunikatzen dira, Youku bidez ikusten dituzte bideoak, eta Alibaba bidez erosten dute Interneten. Baina aste honetan Trumpek erakutsi dio hobe dela sistema operatibo propio bat ere izatea, altzairuzko oihal digitala ongi ixteko.

Eta Europak, zer? Jakingo du arazo bat duela, baina ez du erantzuten. Eta arazoa begi bistakoa da: artikulu honetan jada aipatutako enpresen artean bakar bat ez da europarra. Diru sarreren arabera neurtuta, Interneten munduko 30 enpresa handienen artean hiru baizik ez dira EBkoak: Zalando alemaniarra (16.), Spotify suediarra (21.) eta Asos britainiarra (30.).

Garrantzitsuak dira Nokia finlandiarra eta Ericsson suediarra ere; telekomunikazio sareetan Huaweiren lehiakide nagusiak dira, eta Txinako konpainiari AEBetan eta beste herrialde batzuetan jarri dieten betoaren ondoren, pentsatzekoa da kontratuak erruz eroriko zaizkiela. Haien esku egongo da 5G telekomunikazio sarea jartzea, gauzen Internet deitutakoa ahalbidetu behar duena. Azkar eta erraz esanda, makinak elkarren artean sarearen bidez konektatuko dituen teknologia, aurki industria ez ezik, eguneroko bizitzaren hainbat alor menperatuko dituena —gidaririk gabeko autoak, erosketak egiten dituzten etxetresnak...—.

Estrategia baten bila

Datuak eta teknologia boterea direnez, Europak «subiranotasun digitala» izan beharko lukeela onartu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta hurrengo Europako Batzordearen, Legebiltzarraren eta Europar Kontseiluaren esku utzi du estrategia bat garatzea. Beste kontu batzuetarako ere interesgarria izan daiteke estrategia hori; EBk laguntza publikoekiko izan duen mesfidantza auzitan jar dezake, nekez osatuko baitu ekosistema propio bat diru publikorik gabe.

Alternatiba ez baita oso erakargarria: EB bi jaun boteretsuen artean geratzea da, eta bi horietatik zein zerbitzatu behar duen erabakitzea. Orain Mendebaldera begira ari da, eta horrela izango da epe laburrean ere. Baina AEBetako hurrengo presidenteek gen protekzionistari jarraituz gero, EBk ez du ekialdera begiratzeko beste erremediorik izango; ekonomia esportatzailea izanik, hobeto konpon daiteke bere merkatua itxi nahi ez duen batekin.

«Interes ekonomikoak aintzat hartuta, Europaren estrategia gehiago lerrokatuko da Ekialdearekin», azaldu zuen atzoko BERRIAn Ricardo Bustillo EHUko ekonomia irakasleak. Txina ere bere mendebaldera ari da begira, eta zetaren bide berriaren bitartez ari da bere sareak Europara ere botatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.