Jon Fernandez.
GEURE KONTU

OCDE langileen alde jarri dute robotek?

2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
OCDEk gogor egin die tira belarritik herrialde garatuetako gobernuei, ez dabiltzalako langileak behar bezala prestatzen lan merkatuari gainera datorkion aldaketa erraldoirako. Automatizazioak eta adimen artifizialak goitik behera aldatuko dituzte ogibideak, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen azken txostenaren arabera —munduko 36 herrialde industrializatuenek osatzen dute elkartea—, 2040rako desagertu egin daitezke oraingo lanpostuen %14, eta robotizazioak erabat eralda ditzake lanpostuen %32.

Kaltetuenak? Betikoak: gazteak, emakumeak, ikasketa gutxieneko beharginak, kontratu partzialdunak eta autonomo faltsuak. Eta zer ondorio aurreikusten ditu OCDEk? Gehiago handitu daitezkeela desberdintasun ekonomiko-sozialak, eta horrek kolokan jar dezakeela kohesio soziala herrialde aberatsenetan. Zergatik? Gero eta jende gehiagok sentitzen duelako sistema politikoak —demokrazia liberalak— ez duela babesten herritarren duintasuna, eta haserreak bultzatuta, langile kaltetuenek aldraka bozka ditzaketelako dagoeneko dezente hauspotzen ari diren alderdi populistak.

Txosteneko datuen arabera, herritarren hiru herenek gobernuek gehiago egitea nahi dute, herritarren babes sozial eta ekonomikoa handitzeko.

«Eremu grisa»

Angel Gurriak gidatutako erakundeak aholku zehatzak eman dizkie gobernuei: batetik, trebakuntza gehiago eskain diezaietela langileei, teknologia berrienekin lan egiteko gaitasuna izan dezaten —OCDEko hamar langiletik seik ez dute behar adina trebakuntzarik—; eta, bestetik, indartu diezaietela babes soziala «eremu griseko» langileei. «Eremu grisa» deitzen dio enpleguaren eta autoenpleguaren arteko eremu lausoan —eta eskubide urrikoan— dauden langileen kolektiboari. Bestela, «orokortu egingo da nahigabea», dio erakundeak. Eta datu latz bat ere eman du langileen kalteberatasuna erakusteko: sindikaturen bateko bazkide diren beharginen kopurua ia erdira jaitsi da azken hiru hamarkadetan.

Modernitatearen bernizarekin bada ere —eta zer modernoagorik robotak baino—, munduko biztanleria ekonomikoki XIX. mendeko egiturara bueltatzen ari dela ohartarazi zuen aspaldi Thomas Piketty ekonomista frantziarrak. 1980az geroztik bizkortutako desarautzeak lan merkatuan eragindako zauriaren gainean piko egitera dator automatizazioarena, txostenak iradokitzen duenez. Hiru erronka nagusi nabarmentzen baititu enpleguaren arloan: digitalizazioa, globalizazioa eta prekaritatea.

OCDEren kezka ez da, horrenbeste, automatizazioak suntsituko dituen lanpostu kopuruarena, uste baitu digitalizazioak antzeko proportzioan sortuko duela enplegu berria; kezka du nabarmen kaltetu daitekeela lan merkaturen «kalitatea eta ekitatea».

Aholku gatopardiano-aren usaina du OCDEren txostenak, «langile haserretuen» etorkizuneko botoek gaur egungo botere sistema kolokan jar dezaketen beldurretik sortutako aholkuarena. Lan merkatua pixka bat estutzea bai, baina neurrian, gehiegi haserretu barik boto emaile gehiegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.