Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Otsoarena

2015eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ingmar Bergmanen zale amorratu bat, noizbait eta bolada batean, lagun min izan zenuen eta aparteko gloriarik ez, baina zinegile suediarrarekiko interesa piztu izana behintzat eskertu beharko zenioke morroiari, gerora gloria-faltak pena larregi ez, baina zenbait filmek errota sano hauspotu dizute-eta. Ondo akorduan duzu amua, gaueko ordu txikitan, liluratzeko gibel-anbizioz nola kontatu zizun Bergmanek otsoaren ordua esaten ziola goizeko hiru eta lauren arteko sasoiari, horixe zelako ilunetan ilunena, hortxe egiten ziolako diosala sarri hatsak herioren eskuari, buruak betirako joaten uztearen ferekari.

Esplikatu zizuneko garaia esplikatu zizunaren antonimo zuzena zela pentsatu izan duzu beti.

Edonola ere, geratu zitzaizun buruan ezinbestean iltzatuta, eta Otsoaren ordua filma bera, errezelo hutsez, oraindik ikusi ez duzun arren, kontzeptuarekiko interesa handitzen joan zen, eta gauza asko ulertu zenituen Bergmanen autobiografian irakurri zenuenean digestio-arazo larriak izaten zituela, eta baita, ondorioz, minak ere. Kostata batzen zuela begirik, hiruretatik lauretara bitartekoa izaten zuela tarte makurrena. Errutina txikietara jotzen omen zuen, metodikoki eta praktikoki: edari bero bat hartu, paseo labur bat egin, arnasaldiak zenbatu.

Erremediorik gabeko lotia eta jatun bikaina zaren horrek inertziaz pena-arrastoa sentitu baina laster asko gogoratu duzu batzuetan ateratzen zaituela barne-kolpe zorrotz batek eguneroko kontzientzia-galtze sakonetik, eta mugikorrak salatzean beranduegi eta goizegi dela, aldi berean, altxatu eta bestelako kontuez pentsatzen hasteko, hortxe geratzen zarela anabasa frenetikoari edo hutsune amaigabeari buelta eman ezinda, arreta desbideratzen lagunduko dizun haragirik ezin oratuta, bakarrik zaudelako maindire artean. Orduantxe sortzen zaizkizun galderekin bizitzeko modurik bilatu ezean, akabo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.