Jon Fernandez.
GEURE KONTU

Dibisen gerra hotsak Atlantikoan

2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ez desio inorentzat zeuretzat nahi duzuna. Ala alderantziz zen? Donald Trumpi ez zaio batere gustatu bere banku zentralari —Fed AEBetako erreserba funtsari— egiteko eskatzen diona egingo duela iragarri izana Mario Draghik, EBZ Europako Banku Zentraleko presidenteak. Draghi prest agertu da pizgarri gehiago martxan jartzeko, diru freskoa barra-barra sartzeko zirkulazioan, kosta ahala kosta, euroguneko inflazio ahula (%1,2) %2ra igotzeko. Trumpek Twitterreko txioen bidez larrutu du EBZ, eta badirudi Etxe Zuriko maizterrari gutxi falta zaiola Europari dibisen gerraren mehatxua ere egiteko, merkataritza gerrarekin nahikoa ez eta.

Hain zuzen ere, Finlandiako Bankuko presidente Olli Rehnek dibisen gerra baten bila xaxatzen ibiltzea leporatu dio Trumpi, eta AEBetako presidentea egin du Europako hazkunde ekonomiko motelaren errudun. Uda honetan aukeratu behar dute Draghiren ordezkoa, azarorako lagako baitu kargua, eta Rehn da hautagaietako bat —EBko Ekonomia komisarioa izandakoa da—, nahiz eta ez den faborito nagusia. Jens Weidman Bundesbankeko presidentea, belatza ere esaten diotena, gero eta aukera handiagoz dabil hegan EBZren tronuaren gainean.

Edozelan ere, Trumpen erasoa erakundearen kontrakoa izan da, EBZren aurkakoa. Esportazioak hobetzeko eta lehiakortasuna handitzeko euroa «modu irrigarrian» debaluatzen ari dela aurpegiratu dio. Hau da, eurogunea tranpetan ari dela, dolarra baino ahulago izanda gehiago esportatzeko. «[Europarrak] Nahi dutena egiten ibili dira urteetan [dibisaren inguruan], Txinarekin eta beste hainbatekin batera», bota dio Trumpek Draghiri sare sozialetan.

Bazuka bai, baina munizioz urri

Draghi 2012an euroa salbatu zuen magotzat jotzen dute askok. Magoa, hiru berbarekin bakarrik moztu zuelako merkatuek eurogunearen kontra 2012ko udan egindako oldarraldia, bereziki Italiako eta Espainiako arrisku sarien gorakada handia eragiten ari zena. Euroa salbatzeko «edozer egiteko prest» zegoela esan zuen, eta kito, baretu zen ekaitza.

Hitzak bai, baina ekintzak ere etorri ziren hitzen ostean. Interes tasak lurpera jaitsi zituen EBZk, eta zor publikoa ere ugari erosi du: iaz amaitu zuen aktibo pribatu eta, batez ere, publikoak bereganatzeko QE quantitative easing programa, 2,6 bilioi euro erabili eta gero —horietatik 2,13 bilioi zor publikoa ziren—. Beharrezkoa izan da, baina ez da nahikoa izan eurogunearen inflazio eta hazkunde erritmo ahulari erreparatuz gero.

Kontua da Draghik asteon egindako iragarpena sinesgarritasunik gabe gera daitekeela merkatuentzat. Diru gehiago erabiltzeko promesa egin du—betiere baldintzapean: inflazioa eta hazkundea handitzen ez badira—, eta berriz ere pizgarrien bazuka aterako duela iradoki du. Baina, zer egin bazukarekin ez bazaio geratzen muniziorik?

Zor publiko gehiago erosi ahal izateko bere arauak aldatu beharko lituzke EBZk, eta lortzeko errazak ez diren kontsentsuak beharko lirateke horretarako. EBZk bi arau ditu bonu publikoak erosteko: ezin du herrialde batek zirkulazioan dauzkan bonuen %33 baino gehiago erosi, eta, horrez gain, mantendu egin behar du herrialde bakoitzak EBZn daukan kapitalaren proportzioa.

Demagun EBZk Italiaren bonuak erosi nahi dituela; haren bonuen %19 dauzka, beraz, printzipioz, arazorik ez gehiago erosteko. Baina, aldi berean, Alemaniakoak ere erosi beharko lituzke, herrialdeen kapital proportzioak mantentzeko; arazoa da, dagoeneko gainditu duela Alemaniako gehienezko bonu kopurua (%34).

Munizio gutxi bazukan, eta dibisa gerra hotsak datoz Atlantikoaren beste aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.