Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Anarcha

2015eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Testu-liburuetan aratz paratuta ikusi ditugun jakintza-pipita ilustratu eta arrazoizkoek, sarri, biolentzia fisiko basenean daukate oinarria, gaur egungo estatu demokrazian txapeldunek odol-aztarren trinkoak utzi dituzten moduan beraien sortze-prozesuaren atzetik. Joxe Azurmendik desmuntatu ditu, adibidez, espainiar eta frantses estatuen kasuak, eta beste alor zientifiko batzuetara joanda, Kattalin Minerrek eman zidan medikuntzaren historia latzeko pasarte beltz baten berri.

Beltzak, kasu honetan, duintasuna esan nahi du, eta erresistentzia, eta askatasunaren aldeko guda. Beltzak baitziren, ginekologiaren hastapenetan, goitik behera ireki zituzten emakumeak, bizirik zeudela eta oinazea arintzeko inolako mediorik gabe: beltzak eta esklaboak. Izan ere, gizaki mordoxka bat, paper ofizialetan eta legalki, pertsona baino gutxiago ziren garaietan, andre estatubatuar aberats batek hogeitaka lagun eman zizkion maileguan ikerketari, gerora pilula eta izen eta ezagutza forman erabilgarri gerta zitzaizkiokeen ondorioak lortzeko esperoan.

Eta izenak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Maileguan emandako emakumeen artean baitzegoen Anarcha, hogeitik gora antestesiarik-gabeko-goitik-beherako-irekitzeri biziraun zien borrokalari puska. Maileguan emandako gizakiak zulatu zituztenen artean baitzegoen Alexander Skene medikua. Bidegabeki, zapaltzaileki, bigarrenaren abizenez ezagutzen baitugu sexu alderdien zati itzelenetako bat, gure gozagune bedeinkatu bat aterpetzen duen guruina.

Badaude, baina, matxinadarako bide sendagarriak, geure gorputzen, dagokigun guztiaren jabetza berreskuratzekoak. Besteak beste, hainbat genero-aktibistek martxan jarritako proiektua, AnarchaGland/Gynepunk izenekoa, Skene geure aluetatik kanporatzeko eta, horren partez, hantxe umel goresteko ohorea zinez merezi duen andrea.

Anarcha deitzen da geure plazera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.