xabier martin
GEURE KONTU

Datorren krisiari neurria hartzen

2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Alemania atzeraldian sartu dela islatuko duen datu ofizialaren zain egon gabe esaten ari dira analista asko ziklo aldaketa ate joka dagoela. Datorren krisiaz ari dira han eta hemen, eta ekaitza badatorrela hain segurutzat jotzen dute, ezen ez baitago tarterik zenbat iraungo duen eztabaidatzeko baizik. Oraingoan ez da izango likidezia krisi bat haren eragilea, 2008. urteko Atzeraldi Handian bezala; pitzadura nagusia protekzionismoak eragindako gerra komertzialean dago, eta gerraren jaunak izen-abizenak ditu: Donald Trump.

Ez da aurrena gu politikaren ordezkari bakarra, baina protagonista nagusia bai paradigmaren hausturan, hau da, globalizazioaren orekei doi-doi eusten dieten arima protekzionista askok eraikitako joko zelaia lokazten. Oinarrizkoa da jakitea herenegun Txinarekin lortutako muga zergen su-eten berriak zenbat ur dakarren aspaldian piztutako sua amatatzeko; batetik, pauso bat aurrera eta bi atzera ematea maite duelako Etxe Zuriko maizterrak, eta, bestetik, Pazifikoko frontea baretzea lehen urratsa litzakeelako baketzen hasteko lehertzear dagoen Atlantikoko frontea. Bihar bertan jakingo da ea Trumpek jada Europarekiko gatazka gaiztotzea erabakia duelako baretu nahi izan duen Txinarekin duen gatazka. Azken aukera da datorren ostiralean indarrean sar ez daitezen Airbusek jasotako laguntza publikoen kontura batik bat euskal ardoari eragingo dioten muga zergak; Genevan (Suitza), Munduko Merkataritza Erakundearen egoitzan da E eguna. Akordio batek ez du eragotziko krisi ekonomiko bat piztea Washingtonen eta Bruselaren artean, baina abiapuntu bat litzateke munduko merkataritza suspertzen hasteko.

Krisia? Zer krisi?

Euskal ekonomia ez dela irla bat, eta lehenago edo geroago nozituko duela nazioarteko merkatuak apaltzea eta, batik bat, Alemania izeneko lokomotorra gelditzea. Horraino Jaurlaritzak eta euskal patronalak onartzen dutena udaz geroztik, baina nazioarteko datuek islatzen dutenarekin kontraste handia egiten duen baikortasun tonu batean betiere. Finantzen Euskal Kontseiluan jakinarazitako datuak ere onak baino hobeak dira 2019rako, baina 2020rako aurreikuspena apaldu egin dute. Adegiko goi agintari batek mikrofonotik kanpo BERRIAri esan dio egunotan brexit-a «amortizatuta» dagoela; enpresetan kezka baden arren, ez dela hainbesterako.

Inork ez dio otsoari deitu nahi, eta hauteskunde giroan are gutxiago. Jaurlaritzak badu denbora herritarrak ohartarazteko (beldurtzeko) hurrengo legegintzaldia hasi eta gero, murrizketak egiten hasi behar bada orduan azaltzeko zergatiak, eta ez orain, Espainiako hauteskundeen ondotik Jaurlaritzarakoak datozen honetan. Zer esanik ez Espainian. Genozidaren momiaren hariari tiraka jarraitzen du Pedro Sanchezek, euskal ekonomiari baino askoz gehiago eragiten ari zaion motelaldiaz ez hitz egiteko. Hauteskundeetara berriro deitu dituenak ez du ukatu egoera okertu dela; ez du Solbesena egin nahi, badakielako Zapateroren uko hark zer ekarri zion. Baina Espainiako ekonomiak ez du Hego Euskal Herrikoak duen inertziaren laguntzarik, eta langabezia handiagoa eta zerbitzuen zein barne kontsumoaren mendekotasun handiago izanik, lehenago igarriko dio ziklo aldaketari.

Kontsolamendu txikia da Hegoaldeko langileentzat, haren autoa, Basque Country itsasgarria eduki ala ez, Espainiako matrikula duen kamioi baten barruan baitoa munduan zehar, eta kamioi horren arazo nagusiek eragiten diotelako —BPGaren %97ko zorra eta egiturazko defizita, apurtuz doan pentsio sistema batekin batera—. Horregatik, hobe ez bada zulo handirik ziurgabetasunaren bidean barna, eta hobe munduan solte dauden puzzlearen piezak bat egiten hastea, dela Txina-AEB pieza, dela AEB-Europa pieza, dela brexit-arena. Politika ekonomiko ortodoxoa pixka bat arinduz ala ez, Alemaniak azkar utziko balu atzean aurki ukituko duen atzeraldia, jokaleku hobea lukete esportazioei esker jarduten duten enpresek, eta haiekin batera euskal ekonomiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.