Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Transmisioa

2015eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Guraso-alaben harremanaz eta bi belaunaldion arteko aldeaz ziharduten bi liburu irakurri nituen oso denbora gutxian. Tira, hiru, baina horietako bi pack bakarrean bezala sartu zitzaizkidan, autore berarenak izanik, eta oso egoera paretsuan idatziak: aitaren heriotzaren ostean bata, amarenaren ondoren bestea. Annie Ernauxenak ziren horiek, eta Arantxa Urretabizkaiarena azkena.

Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela, 2014) objektiboki gertuago neukan, historia-puska horren berorren parte izan direlako senitarteko helduak eta aipatzen diren gauzetako askori buruz betidanik izan dudalako gutxi gorabeherako aditzea. Eta gauzak diot, horrek harritu nauelako gehien, gauza fisikoei ematen zaien arretak, 50 urte beranduago 50 kilometrora jaiotako norbaitek gauzekin daukan harreman errotik ezberdinarekiko kontrakarrean.

Ernauxen Lekua (Igela, 2003; Joseba Urteaga) eta Emakume bat (Txalaparta, 2012; Itziar de Blas) irakurrita, sentipena bestelakoa izan da, antzeko pentsamendu-ildoen identifikazioak eragin dit bereziki, gurasoena ez den beste mundu batean bizitzearen kontzientziak. Amaren liburuan dio, esate baterako, hark bazekizkiela «pobrezian moldatzeko beharrezko trikimailu guztiak», transmisioan galdu direnak. Aitarenean, aldiz, klase-diferentzia aipatzen du.

Tematien dabilkidan kezketako bat da ez nautela etorkizun dagoen egoerarako prestatu, aurreikusgarria zen konstante baterako baizik (ez da kontu-eske bat), seguru asko, ez dena gertatuko, Ernauxen kasuan ez bezala, berari irudimenean zirrimarratu ziotena (ikasi eta gizarte-maila hobea lortu), gerora bete egin baitzen. Adinaren aldetik Ernauxen alaba izan nintekeenez (zertxobait gazteagoa), hurrengo liburua zertaz idatziko dudan galdetzen didatenero, gai bera da beti nagusi: aurrekoarekiko haustura nola eraiki? Zenbait trikimailu ez geneuzkake sobera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.