GEURE KONTU

Mahaia, dekretua eta zilegitasuna

Elkarrizketa Sozialerako mahai berpiztua, irailean. MIKEL ARRAZOLA.
xabier martin
2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ez da gauza bera gobernu batek lan esparruko bere politikak Gobernu Kontseiluaren alferra pasatuta onartzea ala sindikatuen adostasunaz martxan jartzea. Langileen ordezkarien oniritziak ematen duen zilegitasunak label demokratikoa ematen die politika horiei, distira soziala. Ez da gauza bera Pedro Sanchezek bere kabuz proposatzea 900 eurora igoko duela gutxieneko soldata ala Espainiako sindikatu nagusien txalo eta animoz proposatzea. Gizarteari begira, oro har, atal etikoa irabazita dauka Moncloaren hauspoaz ahalik eta urrutien iritsi nahi duen politikaria berriro presidentegai izan aurretik. Ez baita erraza izaten gehienetan gobernu batek lan esparruan hartzen dituen erabakiek sindikatuen oniritzia lortzea. Joko arau demokratikoen kontua da, besterik ez.

Eusko Jaurlaritzak, ordea, formula bat aurkitu du sindikatuen baiezkoaren zigilua kasik noiznahi lortzeko. Elkarrizketa soziala instituzionalizatzea besterik ez zegoen. Lan Saila «zuek bai ergelak» esaten ari ote zaie Europako gobernuen erdiei baino gehiagori? Hutsik egiten ez duen errezetarekin dabil Maria Jesus San Jose sailburua: eseri eragileak mahai batean, gobernu, patronal eta sindikatuak —gutxiengoak ere balio du—, eta balekotzat eman ordezkaritza sindikalaren %10en adostasuna unean uneko erabakiak plazaratzeko zilegitasun sozialaren zigiluarekin; era batera edo bestera martxan jarriko dira gobernuaren politika ekonomiko estrategikoak, baina sindikatuen txup-txup horrekin hobeto sartzen dira eztarritik behera mokadu mikatzenak.

Eusko Legebiltzarraren atarian

Ordezkaritza sindikalaren gehiengoak errespetatzeko eskatzen duten legez besteko proposamen bi eztabaidatu dituzte asteon legebiltzarrean, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosenak. Jaurlaritzak labean daukan elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko dekretuari erreparatzen diote biek, baina bata zein bestea atzera bota dituzte EAJk, PSEk eta PPk.

Eztabaida gertatzen ari zen bitartean, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk auziaren muina azaldu zuen legebiltzarraren atarian: «Elkarrizketa sozialaren helburua ez da lan baldintza duinak bermatzea langileentzat, eta dekretuaren bidez ez dute lan harremanen euskal esparrua eraiki nahi». LAB, ELA bezala, dekretuaren proiektua atzera botatzeko galdegiten ari da aspaldian, «elkarrizketa sozialaren xedea delako Jaurlaritzaren politika publikoei eta patronalarenei zilegitasuna ematea». Lakuak luze gabe onartu nahi duen dekretu horrek «ez ditu gehiengo sindikalak errespetatzen», Aranbururen ustez. Esaldi biribil batekin osatu zuen bere mezua LABeko idazkari nagusiak: «Joko demokratikoaren oinarrizko arauak urratzea da elkarrizketa sozialaren egitura gutxiengo sindikalarekin eraikitzea».

Bestalde, dekretuaren aldeko hiru alderdi horiek patronalari «beto eskubidea» onartzen diotela argudiatu du ELA sindikatuak; «aldiz, langileen ordezkaritzari dagokionez, nahikoa da %10 akordioak egiteko». Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuaren arabera, «joko arau demokratikoak oztopo dira politika neoliberalak aplikatzeko».

ELA eta LAB ez daude Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, eta, beraz, gehiengo sindikala bazter utzita onartu ditu mahai horrek orain artekoak. Kontua da orain artekoak ez direla kasik ezer ere, bake soziala islatu nahi duten argazkiez harago. Confebask eta Jaurlaritzaren arteko enpleguaren akordioa salbu. Hura mahaitik kanpo egin zen, eta, CCOOren kasketa baretu eta mahaira itzularazteko, zauriak eragindako ituna aspaldian kili-kolo dabilen mahaian berregitea onartu behar izan du Iñigo Urkullu lehendakariak. CCOOko idazkari nagusi Loli Garciak sutsuki babesten du mahaiaren beharra, baina ezin du isilune bat saihestu benetako galderari aitzakia batekin erantzuten dionean: «Eta UGT bakarrik geratu izan balitz mahaian, haren baietza nahikoa izango zen organo horren erabakiak sindikatuen zilegitasunaz janzteko?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.