Jon Fernandez.
GEURE KONTU

Kirioak, egutegiak eta hiztegiak

2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Brexit-aren anabasa egutegiak, hiztegiak eta askoren kirioak ari da astintzen. Martxoaren 29an atera behar zuen Erresuma Batuak Europako Batasunetik, baina, egun horren atarian akordioak oraindik Westminsterretik urruti jarraitzen zuenez, Bruselak apirilaren 12ra luzatu zuen epemuga. Theresa May lehen ministroak badaki egun horretarako ere ez dituela Komunen Ganberako gehienak konbentzituko bere plana onar dezaten —Michel Barnier EBren negoziatzaile frantziarrak kozinatutako plana, hobeto esanda—, eta epemuga ekainaren 30eraino atzeratzeko eskatu dio asteon Donald Tuski, Europar Kontseiluko presidenteari. Pilatzen ari dira marratutako egunak eta gorriz jarritakoak brexit-aren almanakan.

Markatzeko beste egun bat egutegian: etzidamu, Europar Kontseiluan, premiazko bilera bat egingo dute brexit-ari buruz. Luzapena onartu ala ez eztabaidatuko dute, eta onartzekotan, ea noiz arteko denbora oparitu nahi duten Mantxako kanalaren beste aldean adostasunen bat lortzeko. Azken filtrazioen arabera, Tuskek, brexit-aren zaleek infernuan toki berezi bat gordeta daukatela publikoki esan zuen hark, kontraeskaintza bat egin nahi dio Mayri; bi hilabete eskas eman ordez, hamabi eman nahi dizkio.

Eskaintzarekin batera, beste hitz joko bat sortu da dibortzioaren harira —Quebecen sortutako neverendum ere berpiztu baitu bigarren erreferendumaren aukerak—. Flexstension da kontzeptu berria jatorrizko ingelesean; malguluzapena, euskarara ekarrita. Erosotasuna eta moldagarritasuna iradoki nahi du malgutasunak, baina, ezinbestean, beste kontzeptu tranpa bat dakar gogora, langileentzat mesede baino kalte gehiago ekarri duen malgusegurtasunarena.

Amildegia urruntzearen taktika

Dagoeneko urruti dirudien otsailaren 14an, Arantza Gomez Aranak, Birmingham City unibertsitateko Brexit ikastegiko irakasle adituak BERRIAri azaldu zion itunik gabeko dibortzio gogorraren aukera presiorako jokoaren parte dela Mayrentzat. Horregatik eskatu du luzapen motz bat, maiatzaren amaierara artekoa: Westminsterreko legebiltzarkideek amildegi ertzaren bertigoarekin bozka dezaten ostera ere. Tuskek, ordea, urtebete eskainita, malgutasunaren marasma-etxean harrapatu nahi du lehen ministroa. Erlojuaren mehatxurik gabe, haustura gogorraren zauri ekonomikoak saihestu daitezke, eta, nork daki, astia eman dezake bigarren galdeketarako lasterbide bat zimendatzeko ere.

EBk dio prest dagoela akordiorik gabeko brexit-ari ito gabe aurre egiteko. EBZ Europako Banku Zentralak lasaitasun mezua eman zuen herenegun, esanez batasuneko finantzen egonkortasunari kalte «gutxi» egingo liokeela haustura gogorrak.

Lasaitasun mezuak mezu, kanalaren bi aldeetan kirioak dantzan jartzen dituena zenbakiak dira, eta ez egutegikoak, baizik eta herritarren poltsikoak eta konpainien diru kutxak astin ditzaketenak. Fikziozko zenbakiak oraingoz, estimazio hutsak, baina beldurgarriak.

Desadostasuna Londresen dago, eta Brusela eroso dago negoziazioaren indar posizioan: berak du azken hitza, bai hausturaren epemugarako, bai baldintzetarako. Baina Tusken urtebeteko luzapenak brexit-aren aukera ezbaian uzten badu, brexit-aren zale sutsuenek xantaia ekonomikoa egitea iradoki dute: Erresuma Batuak EBn jarraituko lukeenez, Londresek EBren aurrekontu eta diru sail igoerak blokeatu litzake.

Kirioek luzerako lukete dantza, bi itsasbazterretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.