Jon Fernandez.
GEURE KONTU

Badatoz zigorrak

2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gaur gauean, zortzi urtez arnasari eutsi eta gero, Game of Thrones telesailaren azken atala beltzera itzaltzen denean, tronu jokoaren intrigarik gabe suspense zurtz geratuko dela uste duenak gutxietsi egiten du errealitatea. Aktualitate ekonomikoaren berri duenak badaki HBOren fikzioan baino indar handiagoz ari dela jokatzen XXI. mendeko nagusitasun ekonomikoaren tronuaz jabetzeko norgehiagoka, gerra komertziala deitutakoa, AEBen eta Txinaren artean. Errealitatearen eta fikzio miretsiaren arteko paralelismoei keinu bat egin nahian, Donald Trump presidenteak Winter is coming mehatxu beldurgarriaren bertsio propioa txiokatu zuen azaroan Twitterreko bere kontuan: Sanctions are coming, zioen. Badatoz, bai, zigorrak, eta azaroan Irani buruz ari bazen ere, bereziki Txina du zigorren jomuga.

Bi potentzia handienen arteko borrokan, berrikuntza teknologikoaren gudu zelaian irabazten duenak izango du aukerarik handiena boteretsuenaren burdinazko tronuan jartzeko. Etxe Zuriak horregatik irabazi nahi dio bataila hori Pekini. Huaweiren frontea inportanteena da Washingtonentzat, eta pauso estrategikoa eman du asteon: «larrialdi nazionala» deklaratu du telekomunikazioen sektorean, eta AEBetako konpainiei debekatu egin ahalko die Huaweiri ezer salerostea.

Txinako telekomunikazio erraldoia bakartu eta itotzeko estrategia da, neurriak hornitzaile barik laga baitezake. Huaweiren 92 hornitzaileetatik 33 estatubatuarrak dira, eta software enpresa horietako asko erreferente mundialak dira erdieroaleen ekoizpenean eta Android sistemarenean. Konpainiak arazoak izan ditzake mundu guztian dituen sakelakoen eta sareen softwareak eta hardwareak gaurkotzeko, eta 5G sare ultralasterraren mundu mailako instalazioa atzeratu egingo litzateke, Txinako enpresa baita arloko liderra —gainera, sakelakoen salmentan ere aurrea hartu zion iaz Appleri—.

Iraun dezake Huaweik AEBetako hornitzaile gako horiek barik? Galderak, nolanahi ere, har dezake kontrako norabidea ere: iraun dezaketeAEBetako telekomunikazio konpainiek Huaweiri osagaiak saldu gabe? Ikusteko dago, baina, Trumpek Huaweiren kontrako betoa indarrean jartzen badu, handira jokatzen ari dela erakutsiko du.

180 eguneko atzerako kontua

Bitartean, Etxe Zuria xantaia egiten ari zaio Europari. Londresera maiatzaren hasieran egindako bisitan Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak argi utzi zion Theresa Mayren gobernuari G5 sarearen instalazioa Huaweiren esku uzten badu ez duela harreman berezirik izango Washingtonekin brexit-aren ostean. Emmanuel Macronek, Paristik, esan du Europak ez diela men egingo Trumpek Huaweirentzat eskatutako betoei.

Europa plegatuko den ala ez, hori aurrerago ikusiko da, interes ugari baitaude korapilatuta, eta fronte bateko emaitzek beste batean eragin dezakete.

Fronte guztietan aldi berean eraso ez egitea erabaki du Etxe Zuriak asteon. Gerra komertziala Pekinekin buruz burukoan jokatzea erabaki du Huaweiren hordagoarekin eta Txinarentzako %25era arteko muga zerga gehiagoren iragarpenarekin. AEBetako ekonomiaren bilakaera ona aprobetxatu nahi du, gerra komertzialaren kalteak etxean gehiegi ez igartzeko.

Bien bitartean, bandera zuria atera du Mexikoko eta Kanadako frontean eta Europakoan. Altzairuaren eta aluminioaren muga zergak kenduko dizkie Mexikori eta Kanadari, eta NAFTA berria sinatzea erraztu. EBri, berriz, sei hileko arnasa eman dio, urte amaieran erabakiko baitu Europako autogintzari muga zergak jarri ala ez. Bruselak 180 egun dauzka Trumpen gobernuarekin negoziatzeko, baina mehatxua gainetik kendu gabe. Sanctions are coming.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.