Jon Fernandez.
GEURE KONTU

'Italexit': lira jotzen duen mamu hori

2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Bidean da, oraingoan badirudi baietz, Erromaren eta Bruselaren arteko buruz buruko talka: Europako Batzordeak martxan jarri du Italia gehiegizko zor publikoagatik zigortzeko prozedura. Zor publiko handienetan bigarrena dauka,BPGaren %132koa —Greziak baino ez dauka handiagoa: BPGaren %181—, eta batzordeak 3.500 milioi euroko isuna jar diezaioke zorra txikitzeko neurririk ez hartzeagatik. Legaren eta M5Sren koalizio gobernua isuna jasotzear egon zen azaroan ere, baina barkatu egin zioten, amore eman zuelako eta 2019rako aurrekontuetan murrizketa batzuk egin zituelako. Oraingoan, aldiz, desafio egin dio EBri, zorra pagatzeko euroaren ordezko diru bat sortzeko proposamenarekin.

Haren izena inork ahoskatu ez badu ere, italexit-aren mamua berriro hasi da pasieran Europako Batzordearen korridoreetan, lira jotzen.

Legak eta M5Sk ez dute bueltatu nahi dibisa zaharrera, lira italiarrera. Euroarekin hautsi barik, dibisa paralelo antzeko bat sortu nahi dute zor publikoaren hartzekodunei ordaintzeko —estatuaren hornitzaileei, azken batean—. Mini-BOT izena jarri diote sortu nahi duten ordainketa molde berriari, italierazko Buoni Ordinari del Tesoro-tik sortuta: Altxorraren Bonu Arrunt txikiak, berbaz berba. Funtsean, estatuak jaulkitako mini-bonuak izango lirateke.

Balio txikia izango lukete mini-BOTek, 5 eta 100 euro artekoa, eta erabili ahalko lirateke salerosketa arruntak egiteko estatuak kontrolatzen dituen negozioetan: besteak beste, treneko txartelak erosteko eta ENIko gasolindegietan erregaia ordaintzeko.

Ihesbide burutsua ala galbidea

Proposamena entzun ere ez dute egin nahi EBn: Mario Draghi italiarrak, EBZren pulpitutik, legez kanpokotzat jo du. Eta Italiako Gobernuan bertan aldeko eta kontrako sutsuak dauzka diru berriak. Guelfoen eta Gibelinoen azken bertsioa.

Claudio Borghi da mini-BOTaren defendatzailerik sutsuena; Legaren ekonomia aholkularia da, eta Italiako Diputatuen Ganberako Aurrekontuen batzordeburua. Hark sustatuta eskatu dio Diputatuen Ganberak gobernuari diru alternatiboa sortzeko. Baina Giuseppe Conte lehen ministroak eta Giovanni Tria Finantza ministroak atea itxi diote, «legez kanpokoa eta alferrekoa» delako. Gobernuak eztabaidatu ere ez ei du egingo gaiaz.

Diru alternatiboarena maisu jokaldi bat izan daiteke, edo eurogunea hausteko atzeko atea, nork eta nondik begiratu.

Italiako ekonomista batzuek uste dute ihesbide burutsu bat litzatekeela, euroguneak bazkideei kendutako tresna bat erabiltzeko balio dezakeelako, zeharka bada ere: diruaren balioa debaluatuz —mini-BOTa euroa baino merkeagoa litzateke— lehiakortasuna irabaztea zorpetzeari eta motelaldi ekonomikoari aurre egiteko.

Beste batzuek esaten dute ezinezkoa dela eurogunea hautsi barik beste diru bat sortzea eta hura debaluatzea. Nahi gabeko italexit baten arriskuaz ohartarazi dute. Uste dute, Erromako gobernuak eurotik irten nahi ez arren, dibisa berriaren aukerak letaginak zorrozten jar ditzakeela merkatuak. Izua zabalduz gero, arrisku saria igo daiteke —ari da—, eta gobernuaren likidezia kolokan jarri, eta banka ahula estualdian jarri. Horrenbestera iritsiz gero, nahi gabe, EBri erreskatea eskatu ala benetan eurotik irten erabaki beharrez egongo litzateke Erroma. Baina, oraingoz, mamu baten lira hotsak baino ez dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.