xabier martin
GEURE KONTU

Euskaltelen erabaki guneaz

2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Xabier Arzallusek eta Jose Maria Aznarrek itxi zuten akordioa 1996an. EAJk Espainiako Gobernua emango zion PPri, eta PPk prebenda zerrenda luze bat jeltzaleei. Eta lista horretan azaltzen da Euskaltel zerbitzu telefonikoa ematen hasteko baimena. 1995ean sortu zuten arren, telekomunikazio konpainiak ezin zion jarduerari ekin Madrilen baimenik gabe. Artean, Jaurlaritza eta hiru euskal kutxak ziren konpainiaren akziodun nagusiak. Endesak, Iberdrolak eta Mondragon taldeak osatu zuten akzioen jabeen zerrenda. 2012an Jaurlaritzari 68 milioi euroren truke zuntz optikoaren sarea erosi zion konpainia hori «herrialde proiektu» baten gisan abiarazi zuten erakundeek, zaintza politikoarekin, eta erabaki gunea Euskal Herrian sustraitzeko borondate irmoarekin. Hori guztia bukatu da.

Euskaltelen akzioen jabetza oso bestelakoa da orain. Kutxabank da akziodun nagusia —kutxen bat egiteen ondorengo bankua—, baina banaketak ez du zerikusirik 2015eko uztailean burtsaratu aurreko egoerarekin. %50en jabe zen bankua operazio horren aurretik, eta gaur egun %20 baino ez du, aurreko urtean beste %1,22 saldu ondoren, 5,5 milioi euroren truke. Alegia, Kutxabanki eta Euskalteleko zuzendaritzari dibidendu handiak ekarri dizkie burtsaren pagotxak, baina Lakuak estrategikotzat jotako konpainiaren erabaki gunea galtzeko aukera zabaldu du operazioak, eta atearen zirrikitu horretatik Zegona Erresuma Batuko funtsa sartu nahian dabil; ez bakarrik hura, baita Orange ere, EEP eskaintza erosketa publiko baten bidez. Aste honetan, pilatu egin dira Euskaltelen tartari hozka egin nahi diotenen albisteak —herenegun, %9 inguru igo zuten akzioa Orangeren asmoek—. Ez da zaila aurreikustea Euskaltelen euskal kontrolarenak egingo duela aurki.

François ate joka dago

Ez litzateke euskal lema galtzen duen Euskal Herriko lehen enpresa. Gamesa da herrialde marka gisa jotzen diren enpresen artean azken adibide mingarria, Siemensekin bat egin ondoren. Ez da erraza, izan ere, atzerriko kapitala euskal enpresa liderren jabe egiteko arriskua saihestea kapitalismo globalizatuan. Kapital hori erakarri nahi du Lakuak, baina ez enpresa estrategikoen lema eskuratzeko adina. Horregatik sustatu ditu Jaurlaritzak bi inbertsio funts, bata publikoa eta bestea pribatua, 100 eta 125 milioi eurorekin, hurrenez hurren. Lehenarekin erosi zuen, iaz, CAFen %1,24, hamabost milioi euroren truke —Kutxabanki—. Ez zen izan «ekintza bakartua», Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak azaldu zuenez, «euskal industriari bultzada bat ematea» baita laster iristekoak diren antzeko beste hainbat erabakiren helburua. Euskal kapitala nagusi duten abangoardiako enpresen jatorriko sustraiak sendotzea litzateke funtsen xedea.

Argia da, ordea, musika atsegineko mezu horren kontraesana Euskaltelen burtsaratzea ahalbidetzen denean. Are gehiago Euskalteleko presidente Alberto Garcia Erauzkinek konpainia burtsaratu ostean erabaki guneen galerei buruz esandakoak irakurrita: «Nazioarteko inbertitzaileei ez zaie axola non dagoen enpresaren egoitza, baina egoitza hori hartzen duen lurraldeari, bai. Euskadirentzat garrantzitsua da mundu globalera egokitzearekin batera erabaki zentroei eustea». Dibidenduen tentazioa handiegia izan zen, ordea.

Eta orain, komeriak. Zegonaren oldarraldiekin nahikoa ez, eta Orange frantziarra EEP erosketa eskaintza publiko baterako prestatzen ari da, TMT Finance kazetaren arabera. Ez da erraza aurreikustea zein izango liratekeen aldaketak Euskaltelen baldin eta Credit Suisse aztertzen ari den EEPa gauzatuko balitz. Bi gauza aurrera daitezke, dena den. Bata: Derioko konpainiak ez luke zertan aldatu kolorea. Bestea: «Patxiiiiiii» oihukatzen zuen morroiaren iragarki sonatua berreskuratu nahi izanez gero, agian «Françoiiiiiiis» esan beharko luke aktoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.