Iker Aranburu.
GEURE KONTU

590 milioi gehiago, baina zertarako?

2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Eskean doazenen ilara luzatzen ari zaio Eusko Jaurlaritzari. Navaleko langileek eskatu diote ontziola erosteko; Kristau Eskolako irakasleek handitu dezala itunpeko eskolen finantzaketa; EH Bilduk, berriz, Gasteizko gobernuak Euskaltelen akzioak erostea nahi du, erabakigunea Deriotik Londresera (Zegona) edo Parisera (Orange) joateko arriskua saihesteko; diru sarrerak bermatzeko errentaren %7ko murrizketak bertan behera uzteko eskatu du Eskubide Sozialen Eskutitzak bultzatutako herri ekinaldi legegileak; eta, funtsean, diru publiko bila dabiltza Bizkaiko enpresaburuak, BGAE pentsio osagarriak beren langileei ere zabalduko badizkiete.

Erraza zen orain gutxira arte Eusko Jaurlaritzaren erantzuna: «Ez dago dirurik. Itzul zaitez bihar». Zorionez, bihar hori gaur da, eta orain zerbait badago kutxa publikoetan. Inoizko zerga kopururik handiena bildu zuten iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek, ia 15.000 milioi euro. 2017an baino 508 milioi euro gehiago izan dira, baina are garrantzitsuagoa dena: uste zuten baino 590 milioi euro gehiago. Eta, aurrekontuak kalkulu horrekin egin zituztenez, pentsatzekoa da gastatu gabeko poltsa batekin bukatu dutela Jaurlaritzak eta diputazioek. Zenbat den ezin da oraindik jakin, kontuak guztiz itxi gabe baitaude. Baina dirua egon badago.

Besterik da diru hori guztia gastatzeko aukera ba ote dagoen. Erantzuna ezezkoa da. Galdetu bestela Nafarroako Gobernuari. 2017an itun ekonomikoa berritu eta Madrilekin kontuak kitatu ondoren, kalkulatu baino 215 milioi gehiago geratu zitzaizkion kutxetan, eta horietatik 113 milioi gastatzeko akordioa lortu zuen laukoak. Akordio zuhurra zen, gainontzeko 102 milioiak zorra txikitzera bideratu behar zirelako; zentzuzko erabakia, Nafarroaren zor handia (BPGaren ia %20) pixka bat arintzea ez dagoelako sobran. Baina, tirabira luzeen ondoren, Espainiako Gobernuak soilik 35 milioi gastatzeko baimena eman zion. Arrazoia? Aurreko urteetan Iruñeko gobernuak ez zuela gastu araua bete.

Gastu araua administrazioaren gastuak urte batetik bestera izan dezakeen igoera mugatzen duen arau bat da. Espainiako Gobernuak finkatzen du, eta helburu bat du: zerga bilketa handitzen bada, horren zati handi bat derrigorrean zorra txikitzera bideratzea. Beste modu batean ere dei dakioke gastu arauri: euskal administrazioen gaitasun fiskala mugatzen, mozten eta murrizten duen tresna bat da. Europako Batasunak (Alemaniak) proposatutakoa, eta Espainiako gobernuek (pluralean) bere egindakoa, eta beren irizpideen arabera ezarritakoa.

Desharmonizazioa, Araban

Otsailaren erdialdera emango dio oniritzia Finantzen Euskal Kontseiluak iazko zerga bilketari, eta baliteke orduan arrasto batzuk egotea sobratu den diruaren helburuari buruz. Baina bilera horretan izango dira beste bi gai, ziur aski desatseginagoak. Batetik, Ekarpenen Legea dago. Urtea joan eta urtea etorri, berritzerik ez duten lege bat da hori, hiru aldundiek eta Jaurlaritzak dirua zein irizpideren arabera banatu behar duten finkatzen duena. Arabak eta Gipuzkoak aspaldi nahi dute aldatu, uste baitute oraingo banaketak Bizkaiari egiten diola mesede, lurralde hartan biltzen diren enpresa handien pisuagatik.

Bigarren gaia desharmonizazioa da; hau da, hiru lurraldeen arteko zerga sistemaren desberdintasunak. Drama handia izan zen desharmonizazioa batetik Bilduren Gipuzkoa eta bestetik EAJren Araba eta Bizkaia zeudenean. Den-dena jeltzaleen ikuspuntura moldatu zutenean itzuli zen bakea. Orain, ordea, EAJ erakunde guztien ardura denean gertatu da desharmonizazioa. Ezohiko batasuna egin dute PPk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta, Arabako Batzar Nagusietan gehiengoa dutenez, haur jaioberrien gurasoentzako laguntza zuzenak ezarri dituzte, 65 urtetik gorakoei ere sariak emango dizkiete, eta errenta aitorpena egiteko gutxieneko muga 12.000 eurotik 16.800 eurora igoko dute. Ikusteko dago zer erantzungo duten Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.