Jon Fernandez.
GEURE KONTU

Azeleratu eta frenatu, aldi berean

2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Bolante kolpetik bolante kolpera dabil autogintza. Eta sektorea beldur da, tximeleta baten hegaldiak munduaren beste puntan sor dezakeen olatuaren teoria berrestearen beldur. Arazoa da tximeletak —bolante kolpeak, kasu honetan— gero eta gehiago direla, eta gero eta handiagoak. Dieselgate-a, auto elektrikoen etorrera azkartzeko legedia, brexit gogorraren mehatxua... eta hori guztia gutxi balitz bezala, Donald Trumpek berriz ere mehatxu egin die Europako auto esportazioei, esanez %25eko muga zergak jarriko dizkiela. Tximeletak nonahi; bolante kolpeak nahinon.

Lekutan geratu da Jean-Claude Junckerrek joan den urrian Trumpi masailean emandako agur musua. Europako Batzordeko buruak urgentziazko bisita egin zuen Etxe Zurira, Alemaniako enpresariek erregututa, Trumpek mehatxu publikoa egin baitzuen %25eko muga zergak jartzeko Europako autogintzari. Eta, aurreikuspen guztien kontra, lortu zuen Trump limurtzea, AEBen eta EBren arteko merkataritza gerra eragoztea.

Azeri zaharraren diplomazia erabili zuen Junckerrek, Trumpi ikusaraziz zelako kaltea eragingo liokeen AEBetako ekonomiari EBko autoak eta autogintzako piezak %25 garestitzeak. Eta, batez ere, agindu zion EBk patrikak gehiago astinduko zituela; hau da, gas gehiago eta soja gehiago erosiko ziela AEBei. Gaur arte balio izan du Junckerren gerri diplomatikoak.

AEBetako presidenteak 90 egun dauzka orain, erabakitzeko EBko autogintzari muga zergak ipini ala ez. Merkataritza Ganberaren txosten bat dauka eskuan, gomendatzen diona muga zergak jartzeko, «segurtasun nazionala» argudiatuta.

Alemaniaren ezkortasuna

Alemanian dardarka daude. Angela Merkel kantzilerrarentzat «ikaragarria» da Washingtongo albistea, eta Volkswageneko presidenteak azaldu du milaka milioi euro gal ditzakeela: urtean 2.500 milioi euro, adituen kalkuluen arabera, urteko irabazi garbien %13 inguru. Kontinentean, sektoreak dozenaka mila milioi euro gal ditzake, eta euskal autogintzan ere badago kezka. 2017an, VWk, BMWk eta Daimlerrek 494.000 auto esportatu zituzten Alemaniatik AEBetara, EBtik herrialde horretara egindako auto esportazioen %45.

Jakina, muga zergek astin ditzakete AEBak ere, bumeran efektuarekin. EBko autogileek 470.000 pertsonari ematen diete enplegua AEBetan, urtean milioi bat auto ekoizten dituzte han, eta horietako %60 esportatu egiten dituzte. Gainera, AEBetako autogintzak piezak inportatzen ditu EBtik, eta, garestituko balira, autoen ekoizpena eta salmenta ere garestituko lirateke. Iaz, AEBek %25eko muga zergak jarri zizkieten EBko altzairuari eta aluminioari, eta General Motorsek fabrika batzuk itxi behar izan ditu, fabrikazio kostuak igo zaizkiolako. Halere, badirudi Etxe Zuria prest dagoela arriskua hartzeko.

Bitartean, Alemaniako enpresariek ekonomiaren egoera orokorraren inguruan daukaten ezkortasuna 2012ko mailara hondoratu da.Washingtongo mehatxua unerik txarrenean dator: Alemania ozta-ozta ez zen sartu atzeraldi teknikoan abenduan, baina bistakoa da Europako lokomotorra moteltzen ari dela.

Alemaniako manufaktura sektorearen konfiantza maila 74 hilabetean apalena da, nagusiki AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerraren ondorioengatik. Zentzu horretan, behintzat, berri hobeak iritsi dira egunotan Washingtondik.

Gerra komertziala gehiago ez estutzeko ituna ixtear daudela ohartarazi zuen Trumpek herenegun, eta laster elkartuko dela Xi Jinping presidentearekin. Gaur amaituko da, hain zuzen, 90 eguneko su-etena, Txinako produktuei ezarri nahi zizkien beste 177.000 milioi euroren muga zergak ez jartzeko negoziatzekoa. Tentsioa beratzeko nahia erakusteko, Trumpek keinuak egin ditu Twitterren, Huawei telekomunikazioen erraldoi txinatarra ez zigortzeko asmoa iradokiz. Parekoa durduzatzeko trebetasuna erakusten ari da: oraintxe azeleratu, oraintxe frenatu dabil bai Pekinekin eta bai Bruselarekin hasitako merkataritza gerren estrategian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.