Irune Lasa.
GEURE KONTU

Estutasunetatik libratzen

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Beharbada liderrarengan duten konfiantza mailaren erakusgarri, bereek hasiera-hasieratik hartu dute estu Pedro Sanchez. «Riverarekin, ez», esan zioten hauteskunde gauean. Bozen irabazleak erantzun zien argi entzun ziela. Baina gau hartan birritan entzun behar izan zuen alderdikideen mezua. Eta, gero, hirugarren aldiz ere bai, Maiatzaren Lehenean, «Riverarekin, ez» esan zioten-eta CCOOk eta UGTk. Ahots eskuindarrek erakarria izan ez dadin, sindikatuek ere estu hartu dute Sanchez, gogoraraziz nola agindu zuen lan erreforma deuseztatuko zuela; «ez dauka aitzakiarik».

Egia da; beste aldetik ere estu hartu nahi izan dute Sanchez. Disimulu handiagoarekin edo txikiagoarekin, egonkortasunaren izenean, iradoki diote Sanchezi abegi onez hartuko luketela Ciudadanosekin osatutako gobernua eta politika «zentratua».

Bakarrik, aldian-aldian bidaidea aldatuz joateko aukera ere badu Sanchezek. Azkenean, gobernu berriak, teorian, 84 diputatu soilik izateak dakartzan estutasunetatik libratu ostean, hauteskunderik gabeko lau urte izango ditu aurretik —nahiz eta Kataluniako, Galiziako eta EAEko bozak hor izan—.

Nondik joko du Sanchezek? Aste honetan, epeek behartuta, bidali du txostena Bruselara 2022. urtera bitarteko Espainiaren egitasmo ekonomikoekin. Eta txosten horretan gobernuaren asmoei buruzko zantzu batzuk antzeman daitezke.

Inguruko herrialdeetako langabezia tasarik handiena izanda —%14,3—, lan merkatuarena da Espainiak duen arazorik handienetakoa. Sanchezen ustez, enplegu gehiago sortuko da kontratazio —erran nahi baita kaleratze— moduak murriztuta. Hiru kontratu mota (mugagabea, egiturazko behin-behinekoa eta formakuntzakoa) izango lirateke soilik. Horrekin batera, motxila austriarra ezartzea ere proposatzen du. Sistema horretan, langilea funts bat osatuz joaten da lanean ari den bitartean, eta, gero, funts hori erabiltzen du kaleratzeetan kalte-ordain gisa, edo baita erretirorako ere.

Ildo horiekin bat egitea ez litzateke zaila izango Sanchezen eskuinera daudenentzat; antzekoak aipatu izan dituzte Ciudadanosek eta PPk. Hala ere, xehetasunak ikusi beharko lirateke, enpresaburuek erreparoak dituztelako motxila austriarrarekin, lan kostuak handitzen dituen heinean.

Eta sindikatuen eskakizun nagusia? Lan erreforma atzera botatzea nahi dute haiek, Sanchezek lehenbailehen egin dezala hori. Baina azken egunetan buruzagi sozialistek karta horri Langileen Estatutu berriaren karta eskainiz erantzun diote. «Eskubide gehiago» eta «garai berrietara hobeto egokitutako» estatutu berri hori aipatzen dira Bruselara bidalitako txostenean ere. Nahikoa izango da sindikatuak lasai edukitzeko?

Beharbada, ezkerrera dituenak errazago liluratu ditzake zerga igoerarekin. Zerga bilketa 22.000 milioi euro handitu nahi du gobernuak, bildutakoa BPGaren %38,9tik 2022. urtean %40,7 izan dadin. Diru gehiago biltzea ezinbestekoa, derrigorrezkoa du Sanchezek. Batetik, nahi eta nahi ez, defizita murriztu behar duelako —hor Europak gogor egingo dio—; eta, bestetik, gastu publikoari bultzada emateko modu bakarra delako.

Nola egingo du zerga igoera hori? Bruselari esan dio errentarik handienei zergak handituko dizkiela, enpresei hobariak mugatuko dizkiela, zerbitzu digitalen Google tasa ezarriko duela, baita finantza transakzioen gaineko Tobin tasa. Harritzekoa, eskuina ez dago ados —are gutxiago berriz ere kanpainan daudenean—.

Pentsioen erreforma, trantsizio energetikoa... Erronkarik ez zaio faltako gobernu berriari. Alde guztietatik estutu nahiko dute Sanchez. Beste kontu bat da ea baduten hura estuasunean jartzeko gaitasunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.