Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Hegazkinez dator hurrengo frontea

2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Udazkena gainean dugu, eta harekin batera ugaritzen hasiko dira Atlantikotik datozen fronte euritsuak. Baina meteorologiarekin zerikusirik ez duen beste fronte bat ere iristear dago Europara: Donald Trumpen muga zergen zaparrada bat. Eta, behingoz, AEBetako presidenteak esan ahal izango du horretarako eskubidea duela, Munduko Merkataritza Erakundearen onespena baitute tarifa horiek. Trumpen praktika protekzionistak egunero umiliatzen duen erakundearen baimena, hain zuzen ere.

Politico webguneak iragarri duenez, MMEkAEBen aldeko erabakia hartu du Airbus auzian. Haren arabera, Europako Batasunak legez kanpoko laguntzak eman zizkion Airbus konpainiari A350 eta A380 hegazkinak egin zitzan, eta kalte zuzenekoa eragin zion lehiakide nagusiari, Boeing estatubatuarrari. Aspaldiko kontua da: 2006an jarri zuen salaketa AEBetako Gobernuak, George W. Bush izeneko bat presidente zela.

Informazioa ofizial egiten denean —hilabetea amaitu aurretik jakinaraztea espero da—, Trumpek EBko produkturen inportazioei tarifak ezartzeko aukera izango du. Washingtonetik iristen diren informazioek diote ez duela asko itxarongo. gutxi gorabehera 8.000 milioi euroren produktuak zergapetu ahal izango dituzte AEBek, hori delakoan Airbusen laguntza publikoek Boeingi egin zioten kaltea.

Uztailean, 20.000 milioi euroren balioa duten inportazioen zerrenda bat argitaratu zuen Washingtondik. Hor ageri dira gaztak, luxuzko produktuak, oliba olioak, itsaskiak, kafea, jantziak, zeramika... baina baita hegazkinak eta hegazkinak egiteko osagaiak ere. Muga zerga horiekin AEBetako aire konpainien kontratuak galtzeko arrisku handia du Airbusek, eta konpainia kezkatuta dago, diru asko baitu jokoan.

Baina Airbusek Trumpi ohartarazi dio AEBek ere badutela zer galdu. Izan ere, konpainia europarrak fabrika handi bat du Mobilen (Alabama), merkatu horretan saltzen dituen hegazkinak muntatzeko. Lantegi horretako lanpostuak ez ezik, industria osagarriarenak ere kolokan egon daitezke. «Airbusen, hegazkin komertzialen osagaien %40 AEBetako hornidura katetik lortzen ditugu», azaldu du Guillaume Faury Airbuseko buruak.

Europaren erantzuna

Ezustekorik ez bada, botere aldaketaren erdian dagoela iritsiko zaie kolpea EBko agintariei. Urrian amaitzen zaio agintaldia Jean Claude Junckerren Europako Batzordeari, eta azaroaren 1ean hartuko du kargua ofizialki Ursula von der Leyen presidente berriak. Alboan izango du Phil Hogan Merkataritza komisario berria —betiere Europako Legebiltzarraren onespena jasotzen badu—.

Ebazpena MMErena denez, eta EBk erakunde horretako kide zintzoa izateko asmoa duenez, Von der Leyen-Hogan bikoteak ez du tresna handirik izango AEBei berehala erantzuteko. Baina hori ere alda daiteke: Airbusek bezala, Boeingek ere laguntza publikoak jaso zituen AEBetako Gobernuaren aldetik. Kasu hori ere MMEn dago, eta ebazpena, EBren aldekoa, datorren udaberrirako espero da. Kasu horretan, EBk kalkulatu du 20.000 milioi euro galdu zituela Airbusek, Boeingek galdutakoaren halako bi. Bata bestearekin konpontzeko tratua bilatzen aritu da Brusela azkenaldian, elkarri isunak ezartzeak ezer konpontzen ez duela argudiatuta.

Dei horiek Atlantikoa zeharkatzean galdu dira, Trumpek uste baitu tarifekin gogor jokatuta tratu hobeak lor ditzakeela, beste herrialdeak defentsiban jokatzera behartzen dituelako. Mexikorekin, Kanadarekin eta Japoniarekin funtzionatu dio, eta Txina ere estu hartu du, horren prezioa munduko ekonomia moteltzea izan bada ere. Horregatik, oso litekeena da Airbus auzia ez izatea udazkeneko fronte atlantiko bakarra. Alemaniako autogileek eta Frantziako ardogileek badute zer kezkatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.