Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Karta jokoa zergaren mahaian

2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Kartak mahai gainean jartzen ari dira aldundiak. Jokoa, EAJk eta PSE-EEk 2020rako agindu zuten zerga sistemaren erreforma da. Berrikusketa izena zuen lehen, azken zerga erreformak zein eragin izan zuen baitzen aztertu beharrekoa, eta ez derrigorrean erreforma gehiago egitea. Baina azken asteko iragarpenek erakutsi dute EAJko sektore batzuek aukera baliatu nahi dutela oinordekotza eta ondare zergak txikitzeko edo desagerrarazteko.

EAJk, PSE-EEk eta PPk negoziatu zuten azken erreforma, sozietate zerga jaitsi zuen hura, eta, mahai gainean ikusten diren kartak ikusita, hiru jokalari horiek izango ditu hurrengo jokoak ere. Izan ere, ezinezkoa dirudi haien ezkerretara dauden bi taldeak prest egotea aldundiak erakusten ari diren kartekin jokatu nahi izateko. Azken finean, batez ere aberatsek eta ondasun asko dituztenek ordaintzen dituzten bi zerga daude auzitan, eta hori ez da EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen parrokia. Haien esku egongo balitz, kontrakoa egingo lukete: ondare zerga indartu eta errenta zergan gehienezko tasa handitu.

Astelehenean zabaldu zuen jokoa Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatu jeltzaleak. Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, oinordekotza zergari buruz «gogoeta» egin behar zela esan zuenean. Arrazoia? «Badira zergapekoak beste erkidego batzuetara alde egiten ari direnak oinordekotzan gutxiago ordaintzeko; arauak moldatu behar ditugu ingurura egokitzeko». Zuzenago ere hitz egin zezakeen Iruarrizagak, eta esan aberats batzuk bizileku ofiziala Madrilera eramaten ari direla, hiltzen direnean —edo senideei dirua eman nahi dietenean— Bizkaiko ogasunari gutxiago ordaintzeko. Pertsona multzo horrek Espainiako hiriburuan aurkitu du bere paradisu fiskal txikia, PP han egiten ari den esperimentu neoliberalaren barruan: ondare zerga kendu du, eta gurasoek seme-alabei hildakoan edo bizirik daudenean emandako diruak %99ko zerga hobari bat du.

Gonzalez, ondareari begira

Iruarrizagari Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak hartu zion erreleboa, asteartean. Hark ere Madrilera begiratu zuen, baina, Araban iheslaririk aurkitu ez dutenez, ondare zergari erreparatu zion. Ohiko argudio bat erabili zuen: herrialde gehienek ez dutela ondare zergarik, eta «zerga sistemak erakargarria» izan behar duela, «aberastasun gehiago» erakartzeko. Gonzalezek gogorarazi zuen ondare zergak ez duela asko biltzen —aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan 164 milioi izan dira, bilketa osoaren %1,5—, baina hark utzitako zuloa beste zerga batek estali beharko lukeela gaineratu zuen, «zerga presioa arrazoizkoa delako, eta erkagarria» erreferentziazko herrialdeetakoarekin.

Azken horretan nahiko oker dabil Gonzalez, ez bada harentzat eredua ekialdeko Europa dela. Izan ere, ELAren azken zerga txostenaren arabera, 2015ean zerga presioa BPGaren %31 zen Hego Euskal Herrian, EBko batezbestekoa baino 7,7 puntu gutxiago. Gehien hurbiltzen zaizkionak dira Polonia (%32,5), Eslovakia (%32,4) eta Letonia (%29,2). Askoz gorago daude eredu gisa gehien aipatzen diren EBko estatuak, hala nola Danimarka (%46,6), Finlandia (%44), Alemania (%38,6), eta Frantzia bera (%45,9). Beste modu batera esanda, Hego Euskal Herriko ogasunek EBn batez bestekoa jasoko balute beste 6.700 milioi izango lituzketela: Jaurlaritzak Osakidetzan eta hezkuntzan batera gastatzen duena baino 500 milioi gehiago, eta Nafarroako Osasunbidearen aurrekontua hamar urtez.

PSEk ez du oraindik txintik esan, baina badirudi EAJn denak ez daudela ados erreforma sakon batekin. «Ez dut uste zergak jaisteko lasterketa batean gaudenik, edo egon beharko genukeenik», ohartarazi zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, asteazkenean, RNE irratian. Gaur egungo zerga presioa egokitzat jo zuen, eta esan zuen ez zuela Gipuzkoa «paradisu fiskal» bihurtu nahi. Jokoa badago, eta EAJren barruan joka daiteke partidaren zati bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.