joxerra senar
GEURE KONTU

Auzia konponduta, gero gerokoak

2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Dagoeneko, mundu guztiak ahaztu du akats batean oinarritu dela amatasun laguntzen atxikipenaren katramila guztia. Interesen arabera, hautazko amnesia modan ere badago. Izan ere, 2012ko abenduaren 20an UPNk, PSNk eta PPk hainbat zerga neurri aldatzea onartu zuten, eta tartean ezarri zuten Gizarte Segurantzak emandako amatasun laguntzen atxikipenak ez zeudela salbuetsita errenta zerga pagatzetik. Bozketa hura oharkabean igaro zen. Atzeraldi betean izanik, diru sarreren beherakadari aurre egiteko UPNko gobernuak ezarritako murrizketen eta zerga igoeren erdian, tantatxo bat besterik ez zen. Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan eta Espainian neurri bera ezarri zuten, diferentzia batekin. Aldaketa idaztean nafar legegileek asmatu egin zuten; espainiar legegileek, aldiz, ez. Akats hartan oinarritu zen Auzitegi Gorenaren epaia.

Sei urtez inork ez zuen protesta egin, harik eta iazko urrian Espainiako Auzitegi Gorena heldu zen arte. Epai hura etor zitekeela jakin barik, ekainean, Nafarroako Gobernuak eta hura sostengatzen zuten lau alderdiek hitzartu zuten amatasun eta aitatasun baimenei %25era arteko zerga kenkariak aplikatzea: errentaren araberakoa izango zen kenkaria, eta 2019an sartu zen indarrean. Proposamena parlamentuan eztabaidatzeko zegoela, etorri zen epaia. Gorenaren arabera, Espainiako legean ez zen ongi idatzi atxikipenak errenta zergatik ez zeudela salbuetsita; ondorioz, 2014tik honakoak itzuli behar zirela ebatzi zuen. Aldundiek ez bezala, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen ez itzultzea, argudiatuta ez zegokiola epaia betetzea.

Laukoa higatzeko aukera zabal-zabalik zuela ikusi zuen oposizioak, eta atxikipenak itzultzeko proposamena aurkeztu zuen parlamentuan. Gutxienekoa zen itzulketak 35-40 milioi euroko faktura eragitea zergadunei, bestelako kalkulu errentagarriagoa egin zuten: maiatzeko bozei begira botoak irabazten zituzten bitartean, euren arerioek galdu egingo zituzten. Joko politiko hori haizatzen bi aktore gehiago izan ziren. Diario de Navarra-k ahal zuen bakoitzean eraman zuen gaia azaletara, laukoa astintzeko asmoz. Ama talde bat antolatu egin zen, eta gainerako espainiar amen aldean «diskriminatuta» zeudela aldarrikatu zuen lau haizeetara. Nafarroako autogobernuaren izenean, Barkosen gobernuak eta laukoak eutsi egin zion presio hari guztiari, eta oposizioaren proposamen hura atzera bota zuen. Berdin zion. Javier Esparzak eta Maria Txibitek bazuten bozetara aurkezteko amua.

Txibitek bere hitza jan du

Urtebete geroago, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ebazpen bat kaleratu du, eta arrazoia eman dio osorik aurreko gobernuari. Politika judizializatu den honetan, azken hitza beti epaileek dutela dirudi; baina auzia behingoz argituta geratu dela zirudienean, Txibiteren gobernuak dio «arazoa» konpondu behar dela. Arazo, zer arazo? Arazo bakarra da Txibitek bere boto emaile batzuen aurrean hitza jan duela.

Egungo gobernua proposamen bat aztertzen ari da atxikipenak kenkari bidez itzultzeko 2020an, eta, atzerako eragina aplikatuz, aldi berean hura saihesteko formula bilatu dute. Nondik norako batzuk aurreratu badituzte ere, oraindik ez dute eduki osoaren berri eman. Ikusi beharko da parlamentuan zer harrera duen, baina PSNk ondo daki gainerako taldeek oso zail dutela herritar batzuen artean dirua banatuko duen proposamen baten aurka azaltzea.

Auziak egungo politikagintza laburbiltzen du, iritzi publikoa sorrarazten duten osagaiak ulertzeko balio baitu. Politika arduraren jokoa dela ulertzen bada, aurreko gobernuak eta lau bazkideek asmatu zuten: nahiago izan zuten pedagogia egin eta zerga autonomia defenditu.Kontrara, politika boto ehizara mugatuz gero, akaso ez zuten asmatu. Dena merkantilizatzen ari bada, botoa ere saleros daiteke. Hemendik urtebete barru, motelaldia sakonagoa bada eta gobernuak diru sarreren kalkuluetan kale egiten badu, hor konpon. Gaur arazoa konponduta dago. Eta bihar? Gero gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.