Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Independentziak

2014ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Hogei urte barru Katalunia independentea izango da. Sandro Reyk esan du. Nik ere ez nekien nor ote zen gizon hori, baina sareak dena eta oro daki: igarle espainiar bat da. Iazko azaroan Katalunian bertan batu ei ziren kongresu batean zenbait iragarle eta enparau, eta galdera bera egin zieten. Gehienek Kataluniaren independentziarako data bera jarri zuten: 2017.

Datorren 18an Eskozian bizi direnek izango dute independentziari baiezkoa edo ezezkoa emateko aukera. Igarleen adierazpenik ez dut aurkitu; bai, berriz, apustu bat: Ingalaterra hegoaldeko gizon batek uste du Eskoziak ezezkoa emango diola independentziari; hain dago ziur, 495.000 euro jarri ditu mahai gainean. Beharbada serioagoa begitanduko zaizu Errusiako aditu zenbaitek Europan datozen hamarkadatan izan litezkeen aldaketa politikoen aurrean esandakoa. 2013an kaleratu zuen Serbiako RTS irrati publikoak. 2035erako Euskal Herria, Katalunia eta Eskozia estatu independenteak izango dira, eta Irlanda batu egingo da. Gehiago ere esan zuten: Albania, Mazedonia zati bat eta Kosovo bildu egingo dira; Sardiniak eta Siziliak independentzia eskatuko dute, Italia eta Belgika apurtuko dira, Bielorrusia Errusia bihurtuko da... luze doa errusiar adituen iragarpena. Antza denez, CIAk, Errusiako GRUk eta Zbigniew Brzezinki eta Samuel Huntington adituek gidatutako taldeek egindako azterketetan izan dute oinarria errusiar aditu horiek.

Lehenago, independentziarekin hitzordu garrantzitsua dut: datorren zapatuan afari tematikoa lagun baten etxean. Hark erabaki zuen gaia. Kataluniako independentzia. Zerbait eraman behar dugu horrekin lotuta. Eskoziako independentzia hautatzeko eskatu genion (koadroak eta whiskeya lortzea errezagoa baita). Baina ez. Gaia ezarrita dago, eta oraindik ere buruari eragin eta eragin ari naiz, ez baitakit zer eramango ote dudan Kataluniako independentziarekin lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.