Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Izoztutakoak

2014ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Ama izan nahi duzuela eta zuen lanbidean gorenera heldu? Trankil, ez kezkatu, zuen obuluak izoztuko ditugu bihar edo etzi erabilgarri izan daitezen. Gastu guztiak gure kontu, e?! Ez ahaztu, gu beti emakumeei laguntzeko prest gaude. Era horretan zuen garairik ugalkorrenean, produktiboenean, lanean buru belarri jarduteko aukera izango duzue eta ez diozue amatasunari uko egin beharrik izango. «Eskerrik asko, Facebook, Apple jaunak, bihotz-bihotzetik, eskerrik asko, jaunak, orain eta beti» errezoak dioen legez. Izan ere, Monica de Oriol enpresaburuen bilguneko presidenteak bere hitzaldi ezagunean aipatu legez, 25 urtetik beherakoak eta 45 urtetik gorakoak kontratatzeko aukera ere bazuten, baina Facebook eta Applek nahiago izan dute emakumea babestu. Beste hainbat neurrirekin babesten duten moduan.

Aukeratu egin behar baita. Zertarako kontziliazio eta enparauetan sartu. Edo lana edo amatasuna. Aitak aspaldi desagertu ziren eztabaida honetatik, eta, beraz, ez ditzagun aipatu ere egin. Edo bai. Oriolek badu zuzendari izan nahi duten emakumeentzako ere irtenbidea. Funtzionario batekin ezkontzea edota haurrak asko gustatzen zaizkion gizon batekin ezkontzea eta bere kargu uztea.

Izoztutako obuluek ez dute haurdun geratzea ziurtatzen, antza denez, baina txalotu dezagun ekimena eta begiratu degiogun Renee Zellweger-en aurpegi berriari eta kritikatu dezagun zein txarto gelditu den, gehiegizkoa dela. Facebook eta Appleren hipokrisia berberaz. Aktoreak euren edertasunaren arabera neurtzen ditugun bitartean, kirurgia egin izana kritikatuko dugu eta harritu egingo gara esnatu berrien argazkietan zenbait aktore makillatuta agertzen direla ikusita, glamourra galtzeko beldurrez. Lan munduan gora egiteko obuluen moduan izoztu beharra baitute emakume askok glamourra eta edertasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.