Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Normaltasuna

2014ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Normaltasuna segurtasun faltsua da; zerbait behar duenarentzat sortutako asmakizuna. Normaltasuna erlatiboa da, eta aurreiritzi eta garaiek moldatu egiten dute». Horixe da Isabelle Durand-ek, Munduko Psikoanalisi Elkarteko ikerlariak uste duena. Alegia, bakoitza bere zorotasunak bizi duela. Ez du ezer berririk esan; izan ere, antzerako zerbait aipatzen zuen Jacques Lacanek ere. Azken boladaotan burua jira eta biraka dut Durand andereari egindako elkarrizketarekin.

Badut astindu ezin dudan sentsazio bat (batere oinarri zientifikorik ez duena). Gero eta gehiago begitantzen zait normaltasun ofizialetik at dagoen jendea ugaldu egin dela. Lehengoan metroan. Bidaia luzeagoa egin behar nuenez, lauko eserlekuetako batean jesarri nintzen. Aurrez aurre nuen emakumea jabetu orduko gainean nuen. «Badakizu nor den Alejandro Fernandez, oso guapoa den kantari mexikarra?», galdetu zidan. Nik, aitortu behar dizut, ez nuen ezagutzen. Itxaroten ez duzun galdeketa oldarkorraren aurreko deserosotasunak hartu ninduen. Erantzun nion, baina: ez. Emakumeak solasaldiari eutsi zion. «Etxean baduzu ADSLrik?». Itaunketa munarriak pasatzen ari zen. «Ba, sar zaitez Interneten. Oso ondo kantatzen du, oso guapoa da, eta gustatuko zaizu». Sor eta lor nengoen. Handik minutu batera, bukle batean sartuta balego legez, galdeketa bera. Hirugarrenez galdetu zidanean jabetu nintzen normaltasunetik at zegoela. Hamar minutuko metro bidaian zortzi-bederatzi aldiz egin zidan galdera-sorta bera. Geltokian jaitsi zenean ingurura begiratu nuen. Harrigarriki, ez ikusiarena eta ez entzunarena egin zuten (albokoak behintzat txekiera-espainiera hiztegia zuen aitzakia lez). Azken minutuotakoa neure buruak asmatutako zerbait ote zen? Eta joandako emakumea normala bazen eta ni, berriz, ez?

Etxera ailegatu nintzenean, Alejandro Fernandez bilatu nuen. Bai, existitzen da. Eta ez, ez zait gustatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.