Julio Soto.
LARREPETIT

Kea

2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Alpeetako aldapa malkarretan isiltasuna izaten da nagusi. Txorien kantuak iristen direnik ere ez dakit. Seguru iristen direnak goxoak izango direla. Ederra da nola entzuten den bizitza isiltasunean. Hargatik dute zuhaitzek euren adarretan habiei toki emateko lasaitasuna, arratsalde haizetsuenetan ere habiatxoak eror ez daitezen euren buruei zutik eusteko indarra. Hargatik gizakioi bizitzeko behar dugun haize hezea emateko borondatea. Bakean bizi direlako.

Hegalak indarrez ahitu zitzaizkion enara zuri bat kulunkatu zen lehengoan bere aldapa galduetan; eta apurtu zen isiltasuna. Oihartzun denbora luzez egin zuen hots hits huts batekin. Mendiak hala erregututa, haizeak lainoa ekarri zuen, eta enara zuria kulunkatu zen inguruetan hartu zuen atseden, aldapei zerien kea ezkutatu nahian, isildu nahian. Egin zezan lo goxo txoritxoak. Baina iritsi ziren txori gehiago inguruetara, joan beharra zeukaten, jakin beharra zeukaten jausi zen enara zuria nola zegoen, zer gertatu zitzaion. Jakin beharra zeukalako bere sendiak. Sendietan, elkar asko maite delako. Lainoa lekutu zen apur batean ikus zezaten ongi enara non zegoen, zer zuen; eta oraindik ere mendiari kea zerion.

Enarak berriz ere kanturik egingo ez zuela ikusi zutenetik, hegal artean hartu eta bere habiara eramaten saiatzen ari dira gainerako txoriak. Denok merezi dugulako maitasunezko adio bat, gero arte bat.

Igaro dira egun batzuk, eta oraindik ere mendiak entzuten ditu isiltasuna kolpez apurtu zuten hots hits hutsak. Aurrez aurre daude bi mendi-magalen artean dabiltza, joan etorriko oihartzunean. Lainoa bueltatu da bere etxera, desagertu baita kea. Ez dakiena da mundu osoko egunkari gehienen azaletara joan dela.

Kea saltzen baitugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.