Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Neurriz

2015eko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Eskumutur hautsiak, zango bere tokitik atereak, ahozulo urez itoak; borrak estomaken, buruen, besoen kontra; oski beltz mandoak izterren, lepoen, saihetsen gainean; eta ezpainetan, berdin da non, hitz neurtuak beti, akatu egingo haut, berdela jango didak edo behingoz aditza ondo jokatuta, emea mendean duela gustagarri iritzita nonbait harrak, borraz joko dinat...

Ezer berririk ez primaderako eguzki hotzaren azpian. Twitter edo Whatsapp bidez heldutako argazkiek eta bideotxoek berotutako, streamingak irakin arte kaldatutako odolari ohi duen patxadaz erantzun zaio gobernutik atzera ere: «ertzainek neurriz jokatu dute». Eta egia da, ez dago zertan asaldatu, lasai esan liteke munduko polizia orok jokatzen duela neurriz plaza hustu behar denean. Eta horretan berdin da jendaila, morralla ala racailla eserita dagoen ala nola, eria sartu behar zaion sudur-mintzetan bati ala lepasamarra bihurritzen besteari, hierarkia kontua da, berba-lehia, gertatuaren kudeaketan dago muina, ez nola bizi izan duten zanpatuek robocopen oldarraldia.

Aspaldiko legea da. Administrazioak, berdin da zeinek, ezin onar lezake bere manupeko Poliziak oker jokatu duenik. Horregatik sinestarazi izan zaigu urteetan manifestariek hegan zekitelako jotzen zutela airera botatako balen kontra edota berez-berez hiltzen direla munduko Juan Calvo guztiak munduko edozein komisaldegitako edozein ziegatan. Zinez larria behar du izan gertaerak eta sano estutu beharra dago administrazioa okerra onartuko badu. Eta hala izatera ere, beti izango da inoiz agerira aterako ez den gizabanako baten gehiegikeria, ez gauzak egiteko era baten ondorioa.

Administrazioak gaizki jokatzen duen Polizia duela onartzea, hondamendia litzateke, ezen hartara, Poliziarekin batera estatua, edo sasi-estatua edo statu quoa bera legoke zalantzan, eta nork ez du nahi zoru sendorik oinpean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.