LEKU-LEKUTAN

Gazte kurduak

urtzirrutikoetxea
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Itzela izan zen atzokoa», esan zidan herenegun Niga Salamek. 21 urteko artista kurdua egonaldi artistikoa ari da egiten Bilbon otsail hasieratik Azar Othmanekin batera, eta datorren ostegunean itzuliko dira etxera. Hego Kurdistango belaunaldi gaztearen erakusle dira; Niga batez ere, Kurdistan librean ditu oroitzapen guztiak. Horregatik, abertzaletasuna, erresistentzia eta sakrifizioa loratu dituzten aurrekoengandik oso desberdinak diren proposamen artistikoak dakartzate, galderak egiten, interpelatzen, desberdintasunen bila; emakumearen rolaz edo LGTB komunitateaz galdezka adibidez, nola eta zergatik kendu zuen, zortzi urtez jantzi eta gero, pubertaroan ezarritako buru-zapia. Emakumezko presoekin egin du beste lanetako bat. Azar eta Niga etxeratu eta biharamunean, martxoaren 16an, Saddam Husseinen bonbardaketa kimikoaren 30. urteurrena gogora ekarriko dute, eta Halabjan hildako 5.000 zibilak omenduko dituzte.

Iraganean kateatu gabe etorkizunera begira dagoen belaunaldi horretan ohi denez, Nigarekin natural-natural mintzatu nintzen ingelesez. Bigarren hizkuntza du, kurdueraren ostean, «arabieraz zerbait ulertzen dut, baina gutxi, eta ez dakit hitz egiten», ziostan. Bagdadekiko erabateko deskonexioan hazi den belaunaldia da, independente ez baina erabat burujabe den estatu kurdu batean. Hezkuntza kurdueraz jaso dute, eta ingelesa bihurtu dute bigarren hizkuntza, hizkuntza normalizatzean gertatu ohi denez: zurea lehendabizi, nazioartekoa gero, eta ordura arte estatuko hizkuntza hegemonikoa izan duenak lekua, hegemonia galdu, atzera egin eta, ezinbestean, belaunaldi berrientzat arrotz ere bihurtu. Ondare bat galtzea da, lehengo astean estonieraren eta errusieraren kasuan esan genuen legez, baina egiaz zure hizkuntzan bizitzeko urratsa ere bada. Bazterreko detaile triste bat: Errekalde aretoan bi artisten instalazioetan publikoari egindako interpelazioak espainieraz eta ingelesez baino ez daude idatzita.

«Zeren zain zaude?» galderari erantzuteko kristalezko arbela dakar Azar Othmanek, kalean jarri eta galeria barruan proiektatzeko erantzunak. Mendebaldean eguneroko gauzak erantzuten dela esan zidan («zeren zain? Bazkariaren zain, edo kafe bat hartzeko zain»), eta Kurdistanen sakontasun handiagoz, auzi politikoak beti aintzat hartuta, eta bien komunikazio hori interesgarri zitzaiola. Baina aitortu zidan Bilbon zein Suleimanian lotura bitxi bat aurkitu zutela: euskaldunek, kurduek bezala, beren herrialdearen independentziaz hitz egiten dute.

Azken hiletan blokeoa dute Irakeko kurduek Bagdaden aldetik independentzia-grinari erantzun ziotelako. Baina zorionekoak dira Azar eta Niga, edozelan ere. Bai gurasoen belaunaldiko epikatik beste urrats bat egiteko aukera dutelako, baina baita gainontzeko kurduen aldean ere: Nigak ezinbestean Zehra Do?an artista eta kazetariaren kasua zekarkidan gogora. Martxoan du urteurrena berak ere: pintura batengatik espetxe zigorra jaso zuen iazko martxoaren 24an, armadak txikitutako hiri bat irudikatzeagatik. Europan zehar mugitzen ari da haren erakusketa, eta baliteke euskal galeriaren batera ere etortzea. Ahaleginik ez da falta, nazioartean oihartzun handia lortu baitu Do?anen kasuak. Beste pintura batzuetan, Siriako Kurdistanen jihadistak garaitu ostean oihal beltzak kendu eta soineko koloretsuak janzten dituzten unea ageri du.

Munduan inork egin nahi ez zuen lan zikina egin duten ehunka gazteren sakrifizioak geldiarazi du Estatu Islamikoa deiturikoa. Gero, artistak espetxeratzen dituen Turkia horrek berak jihadismoa garaitu duten gerrillari horien aurka jo du Sirian, Afrinen orain bertan egiten dabilen legez. Itzela izan zen ostegunekoa, mundu osora zabaltzeraino Bilboko irudia. Martxoaren 9an, berriz, Afrin hirian bertan sartzeko prest zeudela ohartarazi zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak. Ekialde Hurbileko neska eta emakume ausartenek defendatuko dute orain ere,NATOko bigarren armadaren aurka, AEBek beste aldera begiratu, Alemaniak Ankarari armak saldu eta Moskuk negozio eta itun ilunak egiten dituela. Eta bitartean, 2014ko abuztuko genozidio yezidian Sinjarren bahitutako 3.000 emakume eta ume jihadisten esku edo desagertuta daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.