Pastor
DARWIN ETA GU

Ansu eta fideltasuna

2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Herritartasun espainiarra eman dioten arren, Ansu Fatik oraindik ez du bertako selekzioarekin jokatzerik izango. FIFAk tramite burokratikoak guztiz bukatuak ez dituela jakinarazi zuten atzo bertan. Bartzelonako jokalariaren kasuak eztabaida sortu du berriz sare sozialetan. 16 urteko gaztea Ginea Bissaun jaio zen, Portugalen kolonia ohian. Oso kirolari ona denez, NANa eman dio Espainiak, noizbait elastiko gorria jantz dezan.

Ansu Fatiren aitak auziari buruz hitz egin du: semea portugaldarra sentitzen da; nahiago zuen, bai, Portugalekin jokatu Espainiarekin baino. Kritikak egin dizkiote mutilari: bere burua portugaldartzat badu, zergatik hartu du karnet espainiarra? Ansu Fati ondo mintzatzen da espainieraz, espainiarra izateko? Azken zalantza honela oinarritzen dute: gazteak portugesez baizik ez du egiten etxean. Eta Kataluniako eskoletako murgiltze ereduan ikasi du.

Fideltasuna. Sorterriari. Hizkuntzari. Edo maiteari. Noraino heltzen da Ansu Fatiren fideltasuna? Nazionalista espainiarrak kezkaturik daude jokalariak ez ote duen espainieraz jakingo, Kataluniako murgiltze ereduaren ondorioz. Jomugan dute sistema hori. Azken hilabeteotan «espioi linguistikoak» salatu dituzte: ikastetxeetan haurrak katalanez mintzatzen ote diren zelatatzen ibili ei dira. Katalan hauek…

Ederrak entzungo genituzke hemen halakorik egingo bagenu. Euskara bultzatzeko ahaleginak eginez gero, besteen askatasuna eta eskubideak urratzen ditugu. Hemen, zenbaitetan, «espioitza» ez litzateke egin beharko haur guztiek euskaraz egiten duten jakiteko, euskaraz ari direnak espezie exotiko gisa sailkatzeko baizik.

Behin lau mutiko ikusi nituen Gipuzkoako herri bateko tren geltokian. Horietako hiru arabieraz mintzatzen ziren haien artean. Bestearekin, espainieraz. Haren ahoskerari erreparatuta, dudarik ez: euskalduna zen. Erdaraz erantzuten zien. Hirurak haien hizkuntzaz mintzo ziren, normal-normal. Ondo. Orduan, non dago arazoa? Ume horiek hemen eskolatuak ziren. Erdaraz ederto egiten zuten. Euskaraz hitzik ez. Eta euskalduna erdarara eramaten zuten. Haien lehen hizkuntzaz egiten zuten modurik naturalenean. Euskaldunak, ordea, arazoak zituen bere herrian euskaraz egiteko. Euskaldunek besteen eskubideak errespetatu behar dituzte. Besteek euskaldunenak? Suedian ume horiek arabieraz hitz egingo lukete euren artean —edo espainieraz, portugesez...—. Baina besteekin suedieraz mintzatuko lirateke. Eta Katalunian katalanez. Hemen, ordea, espainieraz.

Gure egoerak ez du euskaraz normaltasunez hitz egitea ahalbidetzen. Beste herri batzuek harrotasun linguistikoa dute. Edo harrokeria. Munduko edozein lekutan baliatzen dira haien hizkuntzaz. Lehengoan bi gizon italiar izan nituen bidaide, autobusean. Aire girotua aktibatzen hasi ziren. «No funciona», esan nien. «Prego?». Donostiarako autobusean geunden, baina haiek Erroman, Piazza Barberini-n egongo balira bezala. Zergatik ez nien, bada, euskaraz egin? Azken batean, berdin die euskaraz edo erdaraz. Prego?

Doinu italiarra zuen abuztuan kafetegian zegoen neskak ere. Whatsappez ari zen, tarteka kanpora begira, ezkutuka edo. Pantailan argazki bat ireki zuen. Mutil ilehori bat, bainujantzian, abdominalak agerian. Beach boy bat. Telefonoa biratu zuen nire begirada saihesteko. Zuku bat, bi kafe eta croissant bat hartu zituen erretilu batean, eta terrazara eraman. Han bikotekidea zuen zain —barkatu aurreiritziak, baina 28-30 urteko neska bat ez doa nebarekin udako oporretan atzerrira, harekin itsasoaren aurrean gosaltzeko—. Mutila bizarduna zen. Eta beltzarana, oso.

Ansu Fatiren herrikoa da Tabanka Djaz musika taldea. Ginea Bissaukoa. Ansu hango futbolari onena dugu. Tabanka Djaz ere bikaina da, musikaren arloan. Foi assim kantan bizitzak ematen dituen kolpeak aipatzen ditu taldeak. Desioak eta nahiak, minak eta ezinak: querer, amar, sofrer e ser fiel. Batzuetan zaila izaten da fidela izatea. Sorterriari. Hizkuntzari. Edo maiteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.