Ivan Santamaria.
ANALISIA

'Brexit' leunago baterako bidean

2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ezohiko bilera izan zen, ezohiko egoera delako. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak gobernu guztia —29 ministro— bere udako bizilekuan bildu zuen, Chequers luxuzko etxean, behingoagatik Europako Batasunari brexit-a negoziatzeko aurkeztuko dion proposamena adosteko. Baldintza ezohikoak ezarri ziren. Sarreran, sakelako telefonoak konfiskatu zizkieten ministroei, eta ohar argi bat bidali zitzaien: inork dimisioa emanez gero, ez zitzaion Londresera itzultzen utziko auto ofizialean. Euren kasa bueltatu beharko zuten, taxian edo trena hartuta, aurretik geltokiraino zeuden pare bat kilometro oinez eginda.

Bukaeran, joan bezala itzuli ziren denak, luxuzko berlinetan eta zergapekoek ordaindutako gidariekin. Inor ez zen alde egitera ausartu. Batzarrarekin lortu nahi zuena lortu zuen Mayk. Ministro guztiek Londresen proposamena bilduko duen liburu zuria babesteko konpromisoa hartu dute, horien artean ahalik eta haustura handiena nahi duten tematienak —Boris Johnson Atzerri ministroa eta Michael Gove Ingurumenekoa, esaterako—, biak ala biak EBtik ateratzea erabaki zuen erreferendumaren arkitekto nagusietakoak.

Ikusi beharko da nola erreakzionatuko duten orain Westministerreko tory errebeldeek, baina lehen ministroaren jokaldiak, dramatizazio guztiarekin, lehen aldiz bide jakin batean jarri du kabinete osoa, eta norabide horrek brexit leunago baterako bidean jarri du Erresuma Batua, nahiz eta irteera gordinaren aldekoek anatematzat edo traiziotzat hartuko zuten hori duela gutxi arte.

Liburu zuria asteon argitaratuko du Londresek, baina hiru orrialdeko lehen aurrerapen bat atera du jadanik, gai arantzatsuenetako batzuk zehaztuta. Funtsean, EBrekin aduana espazio komun bat sortu nahi du Erresuma Batuak, ondasunak salerosteko. Espazio horretan batasunak ezarritako arau eta estandar ugari bete beharko dituela onartu du, eta baita EBko Justizia Auzitegi Nagusiak zer esana izango duela ere. Onartu du kanpotik iritsi eta kontinentera doazen produktuen tasak kobratu beharko dituela bere mugetan, eta ondoren EBri ordaindu. Langileen mugimendua errazteko itunen bat ere egon beharko dela iradoki du. Azkenik, onartu duirteera gauzatzeko akordiorik ez badago, Ipar Irlanda merkatu bakarrarekin konektatuta jarraitzeko bermea sinatu beharko duela, sinetsita badago ere hori azkenean ez dela indarrean sartuko.

Horrek guztiak izerdi patsetan jarri beharko lituzke brexit gogorraren aldekoak, legeak eta etorkizuna erabakitzeko erabateko kontrola berreskuratzetik urrun bailegoke, oso urrun. Gauza bakar batek azal dezake halako erabaki batek dimisioren bat eragin ez izana: ministro errebeldeek ez dute uste May gai izango denik bide orria bururaino eramateko. Erretiratu gaur eta borrokatu bihar, alegia.

Agiria EBko ordezkariekin negoziatu beharko du lehen ministroak. Brexiteer egoskorrenen mehatxuak ohar gisa erabiltzeko tentazioa izango du, horraino iristea posible dela argudiatzeko, baina ez harago. Errealitatea da EBko negoziatzaileek jada errefusatu dituzten ideiaz josita dagoela testua. Ez dituzte bere horretan onartuko.

Aduana komun bat nahi du Londresek, aduana batasunean egon gabe. Ondasunak libreki salerosteko erregimen bat nahi du, merkatu bakarrak agintzen dituen beste hiru askatasunak —kapitalak, zerbitzuak eta pertsonak— bazterrean utzita. Existitzen ez den teknologia baten beharra izango duen aduana konplikatu batzuetan konfiantza jarri du, Irlandan muga fisikorik egon ez dadin. Azken finean, Europak beste inorekin ez duen harreman berezi eta aparteko bat amesten du Mayk.

EBk nahiago du jada indarrean dituen ereduetako bat erabili, buruhauste asko sortuko dituen beste bat abian jarri ordez. Londresek pertsonen mugimendu librea mugatu nahi badu, orduan irtenbide gogokoena litzateke Kanadarekin iaz sinatu zen moduko merkataritza akordio bat, salbuespen batekin: Ipar Irlandari onartuko litzaioke aduana batasunean segitzea, bakea arriskuan ez jartzeko.

Negoziazioak abiatzeko agiria lortu du Mayk, kostata, baina are zailagoa izango zaio EBko beste 27 estatuak mugiaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.