urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Bihar urtebete

2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Iraila amaitu zaigu eta arazoak hor daude, pentsa liteke urteurrenen zerrendari begira. Asteburu berezia ari da izaten hau jende askorentzat, oroitzapen oso berezi eta sentikorrak datoz: hau idazterako, zelan ahaztu zenbat euskaldun abiatu ziren duela 365 egun Mediterraneorantz, egun historiko bateko partaide izateko, baina baita katalanek euren etorkizun politikoa erabakiko zuten egunean euren alea ipintzeko eta, zertan ukatu, independentziaren borrokan euskaldunon bultzada ere ager zedin, euskaldunok behar izan dugunean katalanek lagundu diguten legez.

Sasoi bereziak dira, gehiegitan gauzak bizkorregi doazen itxura dute, eta besteetan horren bizkor ibilita ere ezer aldatzen ez den sentipena dago: Hego Kurdistanen, Irakeko kurduek, euren eskualde autonomoko parlamentua berrituko dute, ezer aldatuko ez den itxura horrekin: iaz indepedentzia erreferendumak porrot egin zuen, ordura arte zeukaten eremu burujabea galdu zuten kurduek Bagdaden kontraerasoaren ostean, eta hamarkadatan dakartzaten arazo endemikoak (alderdikeriak, klientelismoa eta ustelkeria) ez dirudi hauteskundeotan konponduko direnik.

Eta, hala ere, arazo politikoek hauteslekuetan dute azkenean konponbidearen hastapena. Mazedonian gaur egingo duten erreferendumak defizit ugari ditu; hasteko, galdera berean herrialdearen izenaren aldaketa eta NATOn eta EBn sartzeko aukera berariaz batzen direla. Baina herrialdearen egoera eta Greziaren boikot eta isolamenduaren aurrean gera lekiokeen konponbide bakarra da. Auzi hori bideratuta, egiaz barne-arazoei heltzea ere errazago suerta liteke, herritarren pobreziatik hasita, eta estatuaren beraren izaeraraino: mazedoniar eslaviarrek izena eman arren estatuari, albaniarrak biztanleen zati handia dira, laurdena baino gehiago eta herenaren bueltan. Balkanetan estatu gutxik izan ohi dute gutxiengo erromani edo aromaniarrekiko halako begirunerik, eta herritar guztiek estatua bere sentitzea lorpen handia izan liteke, horrek askoren eredu litzatekeen eredu federal edo konfederala balekar batez ere.

Horrek guztiak Kanadara baikaramatza. Kataluniako eztabaidan sarritan agertzen den elementua da, Quebeceko auzia zelan bideratu zuen Ottawak. Bihar Parti Quebecoisi porrot historikoa iragartzen diote inkestek: Avenir Quebec koalizio eskuindarra eta liberalak ageri dira inkestetan %30ean berdinduta ageri dira, eta independentistek ezkerrera jo dute halaber Quebec Solidaireren diskurtsoarekin bat eginda. Eremu politiko osoa bete izan duen eta hala segitzeko asmoa zuen alderdi historikoa ia zorurik gabe gelditu da.

Eta hala, eztabaida estatus politikotik immigraziora bideratu da, gurean ere piztu beharko litzatekeen eztabaida interesgarrian: AQk migrazioaren aurka jo du, eta liberalek modu interesgarrian erantzun diote: atzean dagoena, ozeano anglofonoan dagoen probintziak zelan iraun frankofono urtero 50.000 herritar berri jasota. Eta erantzuna ere argia da: Quebecek beste edozein probintziak baino askoz diru gehiago jasotzen du gobernu federaletik, eta era berean burujabe da migrazio politika antolatzeko. Alde ederra egunero ikusten dugunaren eta Euronewsek berriki erreportaje baten azaldutakoarekin: Aquarius ontzian ekainean Valentziara iritsi ziren 629 iheslarietako bat elkarrizketatu zuten Bilbon, eta han azaldu zelan hiru ordu egiten dituen egunean espainolez ikasteko. Toronton ingelesez ikasiko zukeen, baina Quebecen frantsesez; Madrilen espainieraz eta Bilbon… espainieraz baita ere. Bere hizkuntzaz kezka daukan herrialde batek, serio badihardu, ezinbesteko du beste herrialdeek bezala bere hizkuntza eskatzea eta eskaintzea. Gurean gure sosak espainiera sustatu eta bultzatzeko erabiltzen dira. Quebecen serioak dira. Eta Kanadan ere bai.

Adiskide eta pentsalari kanadar batek bizikleta batekin konparatzen zuen bere herrialdea: etengabe konstituzionalki berritzen, tentsio puntu baten baina behin eta berriz eraldatzen gizartea, eta berdin Quebec eta Kanada frankofonoa oro har eta anglofonoaren arteko harremana. Inoiz geldituko balira, dagoen hauxe da konstituzioa, higiezin, bizikletatik jausiko liratekeela dio.

Espainiako Gobernuak ere Kanada mintzagai duenean, aintzat hartu beharko luke: periferiatzat dituen lurralde eta nazioetako eskariak aintzat hartu eta burujabetzak negoziatuko balitu, askok gure estatu propioa eratzen jarraitu nahiko genuke, Espainiaren auzo, baina bereizita, nor bere etxearen jabe. Baina beste asko limurtuko lituzke, gure proiektuaren kalte. Sekula ez da saiatu horrelakorik egiten, 1978an aski eta gehiegi eman zuten ideia hedatuegi dago, aseezin diren euskaldun eta katalanen aurrean. Ezer ulertu ez duten seinale, duela urtebete ikusi genuen legez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.