Jule Goikoetxea.
Espainiako Gorteetarako bozak. IRITZIA

Okerragoa izan zitekeen

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Emaitza hobeak espero zituztenek premisa okerretan oinarritu dute beren espektatiba. Lehenik, hauteskunde espainiarren errepikapenaren zergatia aztertu behar da: gobernabiderik eza da zergatia. Schumpeterrek, Dahlek eta Sartorik askotan aipatu izan dute parlamentu zatituen arazoa, Weberrek eta Schmittek ere luze hitz egin zuten Weimar Errepublikako gobernabiderik ezaz, baina blokeen zatiketa eta alderdien ugaritzea sistema parlamentarioaren minbizi bilakatuko ote den, edo kontrara, zatiketa horrek koalizio demokratikoagoetara eramango ote duen jakiteko, gizartearen polarizazio maila eta boterearen egiturazko produkzioa eta banaketa aztertu behar dira; ez alderdi eta hauteskunde sistemak bakarrik. Mundu mailako elite finantzarioek, monopolio korporatiboek eta estaturik indartsuenen exekutiboek gobernatzen gaituzte. Aspaldi sartu ginen neoliberalismo autoritarioaren fasean, baina ez dakigu autoritarismo horrek XX. mendeko nazional-sozialismoaren (nazismoaren) ezaugarriak izango ote dituen, edo anarkismotik ezer ez duen anarko-kapitalismo moduko bat izango ote den (izena desegokia da, baina jakin horrela izendatzen duela bere burua establishment-aren zati handi batek). Estatu espainiarrean botere (politiko eta ekonomikoaren) egituraketan eta soziologian datza arazoa. Egiatan, arazoa humanitatea da, gizateriak elkar menderatu gabe bizitzeko duen ez-gaitasuna, eta hori humanitatea akabatuz konpontzen da, baina, tira, nire xedea askoz ere hutsalagoa da, hauteskunde analisi bat egitea.

Badakizue absolutuki baikorra naizela, uste baitut denak (emaitzak barne) okerrera egin dezakeela beti, batez ere kontuan hartuta espainiar soziologian errotutako eskuinaren portzentajea eta independentisten noraeza. Hala ere, 1930eko hamarkadatik lehen aldia da Katalunian ERCk espainiar hauteskundeak irabazten dituela. Bestalde, EAEn PPk, C'sek eta Voxek ez dute ordezkaritzarik lortu, baina patriarkatuak irabazi du berriro, eskuinekoak gainera. Nafarroako erkidegoan ultraeskuinak bi ordezkari atera ditu, nahiz eta ezker independentismoak datuak hobetu dituen hego Euskal Herri osoan. Estatuan errepikatu den joera bat dago oinarrian: jende asko estatu mailako alderdi bat bozkatzetik (ohikoena estatu hauteskundeetan), alderdi nazional bat bozkatzera igaro da. Horrek guztiak ondorio bat izan du, oharkabean pasatu den kategorizazio baten jaiotza, estatuan oso irakurriak diren egunkari bik bere taxonomia biopolitikoa aldatu baitute, eta PSOEk gobernatzeko dituen aukeretan lau jarri dituzte: bakardadean aritu; Ciudadanosekin elkartu; Podemosekin gehi «independentistak ez direnekin» edo aurrekoak gehi «independentistak». Hau da, cleavage-ak edo ardatz gatazkatsuak berrizendatu dituzte, behingoz. Orain, Espainian ez daude nazionalistak (periferiako tribuak); kosmopolitak (nazionalista espainolak) eta ultraeskuina (fatxak). Orain, neutroak (espainolak), ez-independentistak eta independentistak ditugu estatuan, eta EAJ ez dago independentisten artean katalogatua: huskeria mediatikoa behar bada, baina aurrerapausuohandia independentistentzako marko diskurtsibo hori mantentzeko gai badira eta Espainiatik azkar-azkar alde egiteko erabiltzen badute. Azkar-azkar diot, ez baitu askorako balioko faxistek boterea hartzen dutenean hemendik bi urtera (gehienez) egingo diren espainiar hauteskundeetan. Orain ateratzen den PSOEren gobernuak ez baitu iraungo gehiago, berdin du bakarrik, ez-independentistekin edo independentistekin joanda ere (asmatzen ez badut, afaria nire kontu). Espainiaren gobernabiderik eza egiturazkoa baita fase autoritario honetan. Laugarren aldiz bozkatzen baldin bada, orduan (ultra) eskuinak gobernatuko du. Eta orain bezain zatituta baldin badago, ez dute legealdi oso bat iraungo. Ezta ere. Orduan, elite ekonomiko europarrek esplizituki aukeratutako teknokrata bat jarriko dute, eta XXI. mendeko patriarkatu autoritario eta neoliberalaren eredu bilakatuko da espainiar estatua, berriro ere.

Ondorioz, emaitzak okerragoak izan zitezkeen.

Kontua ez baita gerran gauden edo ez, baizik eta gerran gaudelarik nola ez galdu bataila guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.