urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Indigena hizkuntzen urtea

2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
IYIL2019 izendatu dute urtea hasi eta berehala, anglosaxoniarrek laburpenetarako duten joerari jarraituz. Indigena hizkuntzen nazioarteko urtearen akronimoa da ingelesez, eta izan du oihartzunik sare sozialetan. Ingelesez batez ere, eta nortasun nazionala eta indigenen eskubideak sarritan eztabaidagai eta hausnarketarako bide diren bi herrialdetan aipatu da nagusiki: Kanadan eta Australian.

Ipar Amerikako zein Ozeaniako herrialdeko mezu nagusiak aniztasunaren eta errespetuaren aldekoak dira. Hizkuntzak bultzatu, babestu, sustatu egin behar dira. Ekologismoaren balioak harreman sozialetara eta soziolinguistikaraino ekartzea, printzipioz, positiboa da. Balio postmoderno positiboen antzutasunean urtzeko arriskua ere badu, horratik. Denok berdintasunaren alde, natura, hizkuntzak, kulturak, baztertuak zaintzearen alde, baina horretarako beharrezko urratsak eta neurriak zehazteko orduan, kasu.

Progresoaren izenean zure hizkuntza baztertzea eta hizkuntza hegemonikoa heltzea ez da, dagoeneko, mendebaldeko balio ohikoetako bat. Lehen estatu-nazioak eratu zituzten lurralde gehienetan aniztasunaren mezuak indar handiagoa dauka, bertako hizkuntzen atzerakadak estatu-hizkuntzaren erabateko hegemonia gauzatzea ekarri baitu. Gehienetan, Ameriketako Estatu Batuetan kasurako, transmisioa ere etenda dago, etxeko hizkuntza nagusia ingelesa da, eta guztiz hil dela ez esateko azken urrats xumeak baino ez dira eskolan, ikerkuntzan edo kale-seinalizazioan egindako ahaleginak. Transmisioa guztiz eten ez denean ere, axola gutxi: etxean oraindik erabili arren, hizkuntza aski gutxituta dago, komunitatean ere askotan estatuko hizkuntza da hegemonikoa, eta hala izan ez arren, pertsonen bizitzetan aurrera joan ahala, ezinbesteko bihurtzen da hizkuntza handi hori natibo mailan ezagutzea. Hizkuntza gutxitu indartsueneko hiztunek, katalanek, Valladolideko edo Toledoko batek bezain ondo dakite espainolez. Estatuak ezer berezirik egin gabe ere, badaki, 2019an, herritar guztiek bereganatuko dutela. Horregatik da hain arriskutsua natural hitza erabiltzea, naturaltasuna eta hizkuntzak sekula ez baitira egon, eta bizpahiru mendeko hizkuntza-politikaren osteko egoeratik abiarazita natural jokatu behar dela esatea aberrazioa da: orain naturala hizkuntza hegemonikoa da, eta beste hizkuntzak, txikitan etxean ikasitakoa izanda ere, ahalegin berezia eskatzen du.

Badaude, noski, mundu ikuskera tradizionalean segitzen dutenak, bere hizkuntza baztertu beharreko elementu atzerakoia dela eta etorkizunean nor izateko beste hizkuntza handiago baten mintzatu beharra sinetsarazten dietenak. Presio hori egiten du oraindik arabierak Afrika eta Ekialdeko Hurbileko hainbat hizkuntzaren aurka edo mandarinerak Txinako mintzairen aurrean. Estatu-nazioaren inposizio historikoaren adibide dira; mendebaldeko estatuetan ez bezala, hizkuntza txikiak bizirik eta komunitatean oraindik nagusi diren eremuetan: estatua bazterreko eskualde horietara iritsi ahala, administrazioak, armadak eta eskolak hizkuntza hegemonikoa dakarte eurekin, progresoaren izenean.

Hizkuntza hegemonikoa zoko guztietara iritsi ostean hizkuntza txikiak babestu beharra (hori zer den gabe) aldarrikatzen duen mendebaldearen eta estatu-hizkuntza era klasikoan inposatzen duten estatuen artean, badago kezkarako iturri den hirugarren bide bat: estatu handi guztiak bezala, Sobietar Batasunak berarekin zekarren tsarren Errusiaren inperialismoaren hondarra, baina inperialismo hori suntsitzeko grinaz ere sortu zen. Bere balioen artean zeukan, besteak beste, herrien arteko elkartasuna eta SESBeko hizkuntzen sustapena. Izan zen errusieraren hegemonia noski, are gehiago, izan ziren krimen izugarriak hainbat herriren aurka (datorren hilean txetxeniarrek eta Kaukasoko beste herri batzuek deportazioen 75. urteurrena gogoraraziko dute). Baina sobietar herri askok lehen aldiz egin zuten kultura modernora jauzi euren hizkuntzan, ordura arte mundu modernoan antagonikoa zirudiena eginez: mundu modernoa posible izatea norbere hizkuntza baztertu eta estatu-hizkuntza hegemonikoa hartu gabe.

Horregatik ere, oso kezkatzekoa da Vladimir Putinek agindu eta hilabete gutxian errusieraren hegemonia errepublika federaletan inposatzeko hartu dituzten neurriak, eskolako curriculumetatik bertako hizkuntzak baztertzeraino.

Mendebaldean badago nondik borrokatu, indigenismoa bera ukatzetik neurri handi baten, baina terminologian galdu barik: oro har hizkuntza gutxitu guztien begirunea eta hiztunen eskubideak aldarrikatzeko urtea izan dadila, nor bere eremu eta aldarrikapenetatik abian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.