urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kosovo, hamar urte

2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Kosovon nintzen duela hamar urte. Estatu baten sorreran baino (hori noiz gertatzen den zehazki definitzea zaila da), haren independentzia egunean, hain karga sinboliko handia daukan egunean bertan egotea zen batez ere gura nuena. Hedabide ahaltsuek euren ekipo onenak bidali zituzten, fixer-ek (leku bateko bertako kazetariak, atzerritarrei kontaktuetan, itzulpenetan eta antzekoetan lagundu ohi dietenak) ohiko tarifak ehunka eta mila dolarreraino igo zituzten, normala den bezala, eta inoiz inora bidali ez gaituztenok baina freelance eta irudimenarekin hara-hona iristen ikasi dugunok, aurkitu genuen hara iristeko modua. BERRIAn argitaratu genituen kronikak. Kamerari adiskide batekin adostu nuen euren baliabideak baliatuko nituela, eta trukean eurei ordu gutxian egitea agindu zieten erreportaje luzerako pertsonak eta lekuak proposatuko nizkiela. Oztopo ekonomikoak gainditzeko azken koska: euskaldunokiko sinpatia, Madril independentzia ez aitortzera tematu ahala gorantz joan zena. Mazedonia eta Kosovo arteko mendietan eskiatzaile batek esan zidan espainiarrekin ez zuela berbarik egin nahi eta euskalduna nintzelako erantzungo zidala. Gehiengo albaniarraren bihotzean gotortuta bizi ziren serbiar enklabeak bisitatu genituen, Ibar ibaitik iparraldera Mitrovican bizi diren serbiarrak, baztertuetan baztertuenak diren erromani edo ijitoak. Duela aste gutxi tiroz hil zuten Oliver Ivanovic buruzagia elkarrizketatu genuen, eta beste hainbat idazle, kazetari, politikari, pentsalari ere. PEN Kosovako lagunek ere itzel lagundu ziguten: elkarrekin sartu ginen 2005eko kongresuan PEN Internationalen, eta sarritan egin genion elkarri txantxa, nork lortuko ote zuen independentzia lehendabizi. Basri Capriqi presidenteari gogorarazi nion txantxa bera iazko irailean egindako kongresuan. Handik gutxira hil zen. Avni Spahiu ere lagun genuen bileretan, Kosova irratiko zuzendari zela egin genion elkarrizketa, Washingtonera enbaxadore joatear zela.

Asko sufritu duen eskualde bateko egun historikoak ziren. 2007ko abenduan egon ziren independentzia aldarrikatzear, baina negoziazioari azken aukera bat eman zioten. Otsailean itzuli ginenean, oso bestelakoa zen giroa: ostatura iritsi berritan ikusi genien irribarreak argi adierazten zuen gertatu beharrekoa. Igande hartan, 2008ko otsailaren 17an, bezperatik zetorren ospakizunak gainez egin zuen, besarkadak, musika, oihuak eta malko asko izan ziren, besarkadetan urtuta. Ospatzeko tirorik ez, gaua heldu eta Europan albistegiak amaitu arte: ez zioten irudi hori eman gura izan munduari… harik eta denok laneguna amaituta eta afalostean egiazko ospakizunaren txanda iritsi arte, orain bai airera tiro eta guzti.

Bi urte baino gutxiago ziren Jugoslaviak behinola zituen sei errepubliketatik bosgarrenak, Montenegrok, estatua sortu zuela, eta ondorioz azkenak ere Serbia izen soila hartu zuen (aurretik Jugoslavia ohiak Serbia-Montenegro izena hartu zuen, bigarrena bereizi arte). Montenegroko erreferenduma segitzera joan zirenei esan izan nien mugarria Kosovon ikusten nuela Montenegron baino gehiago. Montenegrok bazuen interesik guretzat, ezin uka: hamabost urte lehenago gehiengo handi batek Jugoslavian jarraitzearen alde egin zuen, nortasun serbiarrak indar handia dauka (egiazko serbiar deitzeraino euren buruari, hau da, hizkuntza bera eta eliza ortodoxoa izateaz gain, Serbian ez bezala Otomandar Inperioari aurre egin eta independentziari eutsi ahal izan zioten hegoaldeko eslaviarrak dira), eta serbiar nazionalismoaren gorakadak montenegrotarrei ere eragin zien: Radovan Karadzic bera montenegroarra da. 1990eko hamarkadatik 2006ra dena aldatu zen, eta independentziaren alde bozkatu zuten montenegroarrek, Europako Batzordeak ezarritako eta Veneziako Batzordeak arriskutsutzat jo zituen baldintzetan:%55eko langa jarri zieten independentistei; hau da, independentzia 54-46 nagusituko balitz ere ez zioten aitortuko. Doi-doi, baina langa gainditu zuten, Belgradek emaitza onartu zuen eta ia automatikoki Nazio Batuetan sartu zen Montenegro. Kosovoko kasua justu kontrakoa zen: praktikan ia herri bera diren montenegroar eta serbiarrak ez bezala, Kosovoko gehiengoa diren albaniarrak ez dira eslaviar ere, Jugoslavia izena bera arrotza zitzaien, hegoaldeko eslaviarren federazioa adierazten zuen neurrian. Izena bai, baina izana ez: asko dira Kosovon ere, gainontzeko errepubliketan bezala, Titoren garaiarekiko nostalgia bizi dutenak, 1974tik aurrera ia beste errepubliken pare egotera iritsi ziren sasoia batez ere (presidentetza kolegiatuan esaterako, sei errepubliketako ordezkariak ez eze, Kosovo eta Vojvodinakoak ere egon ziren). Kosovo guztiz kontrako kasua zen: Milosevicen gorakadaren azalpen argiena, ziur aski bereizteko arrangura handiena zeukana, eta 1989-90 hartan ondo konpondu balitz geroko guztia ez gertatzea ekarriko zukeena. Baina 2008rako berandu zen hori guztia. Eta Euskal Herritik begiratuta, Montenegrok Belgradekin adostutako erreferenduma baino interesgarriago neritzon Pristinak ahal beste negoziatu ostean bere bideari ekiteari, Serbiako legedia urratuta estatu eta legedi berri bat eratzeari, alegia. Hagako Auzitegiak iritzi argigarria eman zuen 2010ean: nazioarteko legedian inon ez da esaten independentzia aldarrikapenak legez kanpokoak direnik, eta «lurralde-batasuna» argudiatzen denean, estatuen arteko harremanei dagokie, inork inor ez inbaditzea alegia, baina ez bere baitan izan ditzakeen mugimendu sezesionistei eman beharreko erantzuna.

Kosovarrei gustatu ez arren, gatazka izoztuen taldean sartu ziren 2008 hartan. Egia da estatu independenteen %60k aitortzen dutela Kosovo dagoeneko, baina Serbiak ez eta Errusia haren aliatuak beto eskubidea daukan artean ere ez du NBEn sartzerik izango. Moskuk Hego Osetia eta Abkhaziako kasuak hauspotu zituen handik gutxira, Estatu Batuak kontraesan betean harrapatuz. Balkanetan legez, Kaukasoko lurralde horietan ere mapetan ageri ziren estatuak ez zeukan aginpiderik. Kosovo ordurako ustelkeriaren zulo bihurtua zen, UNMIK agintearen eta NATOko KFOR tropek bultzatuta. Hamar urte beranduago, ordura arteko arazoak hor daude, eta arazoak konpontzen ez direnean, gaiztotzera jo ohi dute. Ivica Dacic Serbiako Atzerri ministroak Kosovoren partizioa proposatu berri du, eremurik zehaztu gabe baina iparraldeko udal serbiarrak Serbian sartzea iradokiz.

Hamar urte joan dira, eta independentzia kasu gehienetan ohi denez, errealitateak ez du zerikusirik amesten zutenarekin, baina inork ez luke onartuko atzean utzi zuten amesgaiztora itzultzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.