Amaia Agirre Arrastoa.
Errusiako Munduko Kopa. ESFERAREN ERTZAK

Amoniakoa

2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Dagoeneko zuek badakizue nor den lehen finalista, baina nik oraindik ez. Belgikaren aldeko apustua egingo nuke, baina harridurak eskuin hegaletik gola sartu dit. Munduko Kopa honetako irabazlea Donald Trump dela irakurri dut. Hori ere ba al dugu? Estatu Batuak 2026ko ekitaldia antolatzeko hautagai izan dadin mundu osoari sarbidea onartzeko prest omen dago. Hori Amerika deskubritzea baino handiagoa ez al da? Berdin dio aste batzuk lehenago Kanadako ministro bati infernura joateko esan izana; berdin dio drogak eta bortxatzaileak Mexikotik datozela aurpegiratu izana. Orain, Ipar Amerika, bere osotasunean eta elkartasunean, hautagai ukaezin moduan aurkeztu du. Gorbata ez ezik mundua bere neurrira lotu eta askatu nahi du. Eta horretarako bidelagun asko ditu, tartean Vladimir Putin. Hark ere muga guztiak hautsi nahi ditu. Pare ederra uztarri bererako. Eurek dantzatzen dute, ordea, akuilua. Agintea eta dirua itzain, mandeuliak begi parean, dotore dabiltza elkarren atzea zainduz.

Plazagizonak izan arren, Munduko Kopa honetan amerikarrek muturrekoa jaso dute, eta talde bakar bat ere ez da finalerdietara sailkatu. Anfitrioi europarrek, aldiz, muturrekoa egin dute. Putinen garbizalekeriaren aldeko apustua eginez, zelaira garbi atera nahi izan dute. Putinen animo hitzak eta amoniako dosi bat gogoa eta birikak pizteko. Baina zer gertatzen da? Ezer ez. Lur irristakorrak dira, baina lasai, tira harriari. Nork bere astoari arre, eta idi pareak barre!

Amoniakoak aztarnak ezabatzeko ere balio du. Beraz, argi! Sudur mintzak amoniakoz bustitzeko baimena eta babesa ematen dien agintari batek ilea amoniakoz horitzen duen beste bat du sozio. Bikote ha(r)moniakoa ezbairik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.